Iñigo Aritza ikastolak igandean hartu zuen, Lesakan, 2018ko Nafarroa Oineza antolatzeko lekukoa. Baina lekukoa, fisikoki, bihar iritsiko da Sakanara. Izan ere, Iñigo Aritza ikastolakoek lekukoa Lesakatik korrikan ekarriko dute, mendiz mendi, #OinezKorrika deitu duten egitasmoan. Horrela, bihar, larunbatean, urriaren 21ean, mendi korrikalariak goizeko 5:00etan abiatuko dira Lesakatik, lekukoa eskuartean, eta Sakanako bidea hartuko dute. Goizeko 9:30ean Eratsunera iritsiko direla aurreikusten da, eguerdirako Lekunberrin egongo direla, Lizarrustira 16:00etan iritsiko direla, eta, azkenik, Altsasun 18:00etarako espero zaie.
Iñigo Aritzako guraso, ikasle ohi eta gertuko lagunak izango dira lekukoa mendiz mendi ekarriko dutenak. Ibilbide horretan makina bat lagun gehituko zaizkie. Izan ere, ekimenarekin bat egin eta lekukoarekin batera korrika egin nahi duenak antolakuntzari horren berri eman, ez du besterik egin behar (koordinazioa@oinez2018.ikastola.eus, 606 030 966). Ekimen eder honetan parte hartzeko deia egin dute ikastolatik.
Bihar, 18:00etan, ongi etorria Altsasun
Korrikalariak Altsasura larunbat arratsaldean 18:00ak inguruan iritsiko direla aurreikusten da. Lizarrustitik datoz, eta Urdiaindik barna Dantzalekura iritsiko dira. Sanpedro bideko errotondan, zain izanen dituzte ikastolako ikasleak. Izan ere, lekukoa Foru plazara iritsi baino lehen, Altsasuko kaleetan barna ibilbidea egingo du, eta ikasleak izango dira Altsasutik barna lekukoa eramateko ardura izango dutenak. Horrela, DBHko 4. mailakoak lehen zatia eginen dute, Sanpedro bideko errotondatik aurrera. Ondoren DBH3koek hartuko dute lekukoa, segidan DBH2koek, DBH1ekoak, DOH2koek, LH6koek, LH5ekoek, LH4koek, LH3koek, LH2koek, LH1ekoek, TG Gelakoak, HH5ekoek, HH4koek eta lekukoa Foru plazara eramango dutenak HH3koak izango dira. Plazan, Iñigo Aritzako presidente Eneida Carreñok hartuko du hitza, lekukoari ongi etorria egiteko.