Alegre Bertsokabiako finalean

Guaixe 2017ko urr. 26a, 08:41

Ekain Alegre Bertsokabiako kanporaketan. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Bertsolari altsasuarra Joanes Illarregirekin bikotea osatuz ariko da gaur, 19:30ean, Iruñeko Arrano Elkartean. Sarrera doakoa izanen da.

Bertsokabia-Eugenio Arraiza sariketako aurreneko edizioak bere lehen bikote irabazlea zein den ezagutuko du gaur. Lehiaketa horrek Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz aparte, Iruñerriko gazteak bertsozaletzeko xedea du. Hiru kanporaketa jokatu dira eta saio bakoitzeko irabazleek lortu dute finalerako sailkatzea. Bigarren kanporaketan eskuratu zuten gaurko txartela Ekain Alegrek eta Joanes Illarregik. Bikotea Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatuko du azken horrek) eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi ariko da.

Seikoteak kanporaketetako lan bera egin beharko dute finalean: ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz; segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte bikoteko kide banak; bertso proben tartean tabu jokoa, ‘Bat, bi, hiru’ jolasa eta ezkutuko pertsonaia asmatzea; bikoteko kide banak bakarkako lana egin beharko du eta, despeditzeko, koplaka ariko dira hiru bikoteak.

Sariketa berri horretan 18 bertsolarik parte hartu dute. Horien artean lau sakandar: aipatutako Alegrez aparte, Idoia Granizo, Saats Karasatorre eta Unai Artieda.