Altsasuko merkataritzako 45 establezimenduk bat egin dute gaurko festarekin. Altsasuko Merkataritzaren II. Festarekin dendari eta establezimenduetako jabeek “eguneroko erosketak denda txikietan egiten dituzten herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu” Elena Aldasororen hitzak dira, bera Altsasuko Dendarien Elkarteko lehendakaria da. “Hemen gaude esateko beste modu bat da. Herriari ekarpena egiten diogu. Gaur jai eguna izanen da, baina urtean zehar beste gauza batzuk mugitzen ditugu”.
Joan den urteko ospakizuna kale animazioan oinarritu bazen, aurten establezimenduek beraiek hartu dute ardura. “Ideia hau aspaldi genuen buruan. Baina lan handia da dena koordinatzea. Busti gara eta denda bakoitzak berearekin lotutako zerbait edo bezeroa eskertzeko, kaleak alaitzeko, herria bizirik erakusteko ahal dena eginen dugu”. Aldasorok azaldu duenez, establezimendu batzuk elkarrekin antolatu dira giro hori sortzeko, beste batzuk bakarka ariko dira.
Elkarteak dituen kideak baino establezimendu gehiagok parte hartuko dute gaurko festan. Aldasorok azaldu digunez, “aurreko kanpainan bezala, oraingoan ere proposamena zabaldu zaie. Elkarteak kartelak eta logistika bere gain hartu du eta establezimendu bakoitzak, nahiaren arabera, festari ekarpen handiagoa edo txikiagoa eginen dio”. Aldasororen hitzetan, “elkartean ez dauden denda askok parte hartu nahi dute eta euren bezeroak eskertu nahi dituzte. Uste dugu horrela bat egiten dugula”.
ADEk antolatu du ospakizuna, Nafarroako Gobernuaren, Altsasuko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz. Jakina, establezimenduak zabalik egonen dira eta haietan erosketak egiteko aukera izanen da. Horregatik, gaur “kalera atera eta dendez disfrutatzera” deitu dute antolatzaileek.
Kalez kale
Intxostia zeharbideko jaia
19:15-19:45 Kale horretako dozena dendek dastatzea prestatu dute. Mahaiak kalean jarri eta mokaduak dastatzeko aukera izanen da. Gainera, dendek euren lokaletatik musika jarriko dute eta euren fatxadak apainduko dituzte. Honakoak dira parte hartuko dutenak: Sare oinetakoak, Bengoetxea oinetakoak, Imaz ileapaindegia eta estetika, Cristina fruta-denda, Intxostia kirolak, Juli artileak, Ekin boutique, Bengoetxea margoak, Lezea, Sakana optika eta Antonio Pascual.
Frontoiko zeharbideko jaia
Arratsaldez, kaleko sei denden artean antolatu dute ospakizuna: Cortina Stor-Izara, JA Galartza harategia, Ron Sheng bazarra, Katuka, Frontoiko taberna eta Mari Nati fruta-denda. Azken horrengandik gertuen dagoen bide publikoan dastatze gozo eta gaziak emanen dira. Gainera, dendek euren lokaletatik musika jarriko dute eta euren fatxadak apainduko dituzte.
Zelai kaleko jaia
17:30-20:00 Bost establezimenduk bat egin dute antolakuntzan: JJ Aldasoro harategia, Zelai kafetegia, Zelai bideokluba, Gixane estetika eta Scooby. Bosten artean dastatze gozoak eta gaziak eskainiko dituen mahai bat jarriko dute, esaterako, txokolate iturria edo txorizo eta ardo dastatzea.
Isidoro Melero kalea
18:30-19:15 ML Moda arropa dendek moda desfilea antolatu dute Lorea lore-denda eta Gure tabernaren laguntzaz. Jantziak erakutsiko dituzten modeloak emakumezkoendako ML Moda dendatik aterako dira eta alfonbra urdinean ibiliko dira. Marta Olaz (Miss Nafarroa 2016) eta Rafaella Candida (Miss Tourism Spain 2016) ariko dira desfilatzen. Irantzu Gonzalezen dantza eskolak erakustaldia eskainiko du. Bestalde, Gure tabernak bertaratutakoen artean cava, frizzantea eta hostopil aperitiboa banatuko du. Musika Txen dj-ren ardura izanen da.
San Juan kalea
Lau denda elkartu dira festa antolatzeko: Marigorri lentzeria, Zat Zure animalien txokoa, Lasa kirolak eta Benigno ile-apaindegia. Guztien artean musikarekin girotutako eta haurrendako den auzatea prestatu dute. Gainera, 18:30etik 20:30era, Lasa kirolak dendak giza-erakusleiho bat aurkeztuko du.
Eta gehiago
Tu Tienda Especialek arratsaldez bezero eta bizilagunendako dastatzeak antolatu ditu.
Arkatz liburu-dendak 17:00etatik 19:00etara orrialde markatzaileen tailerra eta jan daitezkeen liburutxoen dastatzea antolatu ditu. 18:00etatik aurrera edalontzietan aperitiboak emanen ditu.
Txikitxo arropa-dendan 18:00etatik aurrera latxa ardi-gazta eta ardo dastatzea eta txikiendako tailerra izanen da.
Luresu optikak eta Luis Redin farmaziak haurrendako tailerra eta dastatzea eskainiko du 18:00etatik 19:00etara.
Joselen Modatik arratsaldez pasatzen diren haurrak argazkirik dibertigarriena ateratzeko photocall batean parte hartzeko aukera izanen dute.
Larka arropa dendan, 19:00etatik 20:00etara, modeloek osatutako giza erakusleihoa eta dastatze gozo eta gazia.
Asensio Modak19:30etik aurrera ardo eta aperitibo dastatzea eskainiko du.
Mari Caremen dendan, arratsaldez, dastatzea eta haurrendako tailerra izanen da.
Norte erloju-dendan, arratsaldez, dastatze jaia eta irrintzi lehiaketa izanen da.
Marian Navarro ile-apaindegian makillaje laginen frogak eta buru-azaleko anomalien diagnosia. Bezeroen artean kafe dastatzea izanen da.
Urtzi tabernak 19:00etatik 22:00etara pote bakoitzarekin pintxoa doan emanen du.
Akeita kafetegiak eta Kiki argazki-dendak Iortia plazan haurrendako photocall-a eta txokolate-jana antolatu dituzte.
Gertu Sakana burdindegiak 17:30etik 19:00etara doako barbakoa eta dendan deskontu bereziak eskainiko ditu.
Lorea lore-dendak barazki-edarien dastatzeak antolatu ditu arratsalde guztirako.
Goikoetxea aholkularitzak 08:00etatik 13:00etara bizilagunei euren negozioak martxan jartzeko, alokairu edo salerosketa, herentzia eta etxe-langile kontratuetarako doako aholkularitza emanen du.