Shakespeare gaurkotua

Guaixe 2017ko urr. 27a, 12:01

Eskaintza hori eginen du In Extremis Teatrok Medida por medida antzezlanarekin, larunbatean, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.

William Shakespearen Medida por medida testu klasikoari begirada garaikidea txertatuta heldu da Altsasura. In Extremis Teatro konpainia gazteak ekarriko du. Duela 400 urte idatzitako testua biziberrituko dute eta gaur egunera ekarri. Antzezlanaren gaurkotasunak gai unibertsalen parez pare jarriko du publikoa, besteak beste, ustelkeria, justizia, botera edota sexu xantaia.

Antzezlanak, jatorrizkoan bezala, Vienara eramango du ikuslea. Hiri itogarria, gobernu ustela, espetxeak, burdelak… Halaxe irudikatu zuen Shakespearek hiri hura. Bertako goi agintari Dukeak, Angelo epaile zorrotzari emanen dio boterea, erabili gabeak dauden legeak ezarri ditzan. Hala, Julieta haurdun uzteagatik, Claudio izanen da legearen gogortasuna sufritzen lehena eta bi egunetan burua moztuko diote. Isabel arreba, komentuko nobizia, izanen da legea aldatu ahalko duen bakarra, Angeloren desirari bere birjintasuna eskainiz.

Altsasun taularatuko den obra Proiektu Eszenikorako Gayarre Sariaren 2016-2017 edizioko irabazlea da, antzokiak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako sariketa. Lanak une honetako antzerkigile harrigarrienetako batek izenpetzen du bertsioa eta zuzendaritza: Jose Padillak. Obra gorpuzteaz bost aktore arduratuko dira: Txori Garcia Uriz, Leire Ruiz, Oier Zuñiga, Iratxe Garcia Uriz, Juan San Segundo. Haien bidez tragedia gordinetik komedia zoroenera pasako gara. Guztia eszenografia oso flexiblea erabiliz, aktoreek darabiltena edozein konposizio osatzeko. Baina, konkretutasunetik ihes eginez, eszenaren hustasuna bilatuz, hala pertsonaiei erreparatzeko.