Merkataritza festarekin, jendea kalera

Guaixe 2017ko urr. 31a, 12:41

Atea zabaltzearekin batera bertako dendariek bere bezeroei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzen saiatzen dira egunero. Ostiral arratsaldean, gainera, alfonbra gorria jarri zieten. Altsasuko merkataritza festaren bigarren edizioaren kontura ospakizunean parte hartu zuten 46 establezimenduek ate aurrean alfonbra gorria zuten, bezeroa berezi sentiarazteko.

Baina ospakizunaren kontura eskaintza berezia egin zuten establezimenduek eta ostiral arratsalde baterako  Altsasun ezohikoa den animazioa egon zen kaleetan. Jende ugari atera zen kalera. Eta bat batean topo egin zenezakeen trikitilariekin, txistulariekin, Zubiondo abesbatzarekin, Tarima Beltza antzerki taldeko aktoreekin… Establezimenduetan, berriz, moda desfileak, giza-manikiak, photocallak, makina bat tailer eta hainbat eta hainbat dastaketa mahai izan ziren.

Balorazioa
Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) antolatu zuen merkataritza festa. ADEko kideak ez dira ospakizunaren balorazioa egiteko elkartu. Baina bere presidente Elena Aldasorok esan digunez, ekimenagatik jende askok zoriondu zituen ostiralean bertan. Aldasorok, hitz egiteko aukera izan duen elkarteko kideek bezala, festarekin “oso pozik” dago. “Jende asko mugitzeko gaitasuna izan dugu. Baita elkartean ez zeuden dendak inplikatzeko gaitasuna ere. Gainera, kalean giro super-polita egon zen”. Barrura eta kanpora begira hobetzeko gauzak egonen direla pentsatzen badu ere ospakizunak utzitako aho-zapore gozoagatik Aldasorok altsasuarrak zoriondu ditu.  

Ostiralekoa Altsasuko merkataritza bizirik dagoela eta eskaintza zabala duela erakusteko aukera izan zen. Baina Altsasuko Dendarien Elkartearen festa hori baino bi aste lehenago bestelakoa zen zabaldu nahi izan zuten mezua. 40 establezimenduetan baino gehiagotan haien itxiera iragartzen zuten kartelak jarri zituzten. Ekimen horrekin dendariek altsasuarrei dendek herriendako eta kaleendako duten garrantziaz eta balioaz ohartarazi nahi izan zieten. Ondoren, kanpaina alaia etorri zen.