Alegre Bertsokabian bigarren

Guaixe 2017ko urr. 31a, 15:23
Ekain Alegre Bertsokabiako finalean. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Bertsokabia-Eugenio Arraiza sariketako lehen irabazleak Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi dira. Joan den ostegunean Iruñeko Arrano elkartean jokatutako finalean nagusitu zen bikotea. Bigarrena Ekain Alegre altsasuarra eta Joanes Illarregi leitzarra izan ziren. Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (Irati Majueloren ordezko) izan zen finalean parte hartu zuen hirugarren bikotea.

Sariketan ohi bezala, bikoteka banatu zituzten saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Bertso proben tartean bikotekako lanari balioa eman zioten: tabu jokoan, kostata baina txorimaloa hitza asmatu zuen Joanes Illarregik, Ekain Alegre kideak panpina, txoriak, uxatu eta baratzea hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. Proben atalean egin zuen barre gehien publikoak. Haren ondoren, bakarkako ariketa egin zuten hiru bertsolarik, tartean altsasuarra. Saioari bukaera emateko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak, egoera emanda.

Sariketa berriak bi xede zituen: Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera ematea eta Iruñerriko gazteen artean bertsozaletasuna zabaltzea. Aipatutako Alegrez aparte beste hiru sakandar lehiatu ziren Idoia Granizo altsasuarra, Saats Karasatorre eta Unai Artieda etxarriarrak.