Gonzalez Aziluren Arrano beltza Altsasun 40. urteurrenean

Guaixe 2017ko aza. 2a, 10:35

Agustin Gonzalez Azilu.

Iruñeko Ganbera Abesbatzak Agustin Gonzalez Azilu konposatzaile altsasuarraren Arrano beltza interpretatuko du Iruñeko Ganbera Abesbatzak. Musika garaikideko emanaldia ostiralean, 19:30ean, izanen da, Iortia kultur gunean.

Musika garaikidearen ordezkari nabarmenetako bat da musikari Agustin Gonzalez Azilu altsasuarra. Europako musika garaikideko funtsezko obretako bat da bere Arrano beltza. Obra hori Luis Morondok zuzendutako Iruñeko Ganbera Abesbatzak mustu zuen 1997ko ilbeltzaren 15ean mustu Iruñeko Gaiarre antzokian, Gonzalez eta Artze han zeudela. Berrogeigarren urteurrena dela eta, berreskuratu nahi izan du, Europako musika garaikideko funtsezko obretako bat delako.

Gonzalezek euskararen tonologiaren espekulazio ildoan kokatzen da 1975 eta 1976 urteen artean sortutako Arrano Beltza, bakarlari-ahots laukote eta ganbera-abesbatza mistorako pieza. Joxean Artzeren, Hartzabalen Laino guzien azpitik euskarazko testuan oinarritutako lana. Olerkiak lau mailatan banatu ziren: bisualak, fonetikoak, lirikoak eta sozialak. Guztiekin Artzek Nafarroako historiaren kronika egin zuen, independentzia galtzea markatu zuten data beltzak gogoan izanik; 1200 urtetik gaur egunera arte. Artzek XV. mendeko Zuberoako kanta baten zatia tartekatu zuen, Leringo konde beamondarraren traizioa aipatzen duena. Testu gogorra eta zuzena, adierazpide latzekoa. Zifrak bere sonorizazio fonetikoa kontuan izanda ordenatuta daude. Haiek bata bestearen gainean jartzeak erlijio kutsuko soinua ematen dio, testuaren esanahia azpimarratuz horrela.

Musikari berritzailea
Agustin Gonzalez Azilu XX. mendeko musikari berritzaile garrantzitsuenetakotzat jotzen dute. Altsasuarraren Asschermittwoch, Canto de las Lesbianas edo Arrano Beltza bezalako obrak 51ko belaunaldiaren esperimentu azpimarragarrienetakoak dira. Belaunaldi horretakoak dira Halffeter, De Pablo edo Bernaola dira garai horretako musikagile. Atonalitatea da 51ko belaunaldiaren ezaugarri nagusietako bat. 51ko belaunaldiko konpositoreak erabakigarriak izan ziren garai hartako musika Europako konposizio estetiketan sartzeko.

Soinu-errealitate berrien bilaketak markatu du Gonzalezen musika-ibilbidea. Bere obretan hari fin batek uztartzen ditu musika tonala eta atonala. Altsasuarrak musika garaikideko soinu objektiboekin eta elementu kulturalaren subjektibotasunarekin jolas egin du. Aipagarriak dira bere linguistika-ikerketak: Gonzalezek inork ez bezala aztertu du hizkuntza eta musika uztartzeko modua. Bere obretan eta inork ez bezala landu ditu ahotsak. Horregatik guztiagatik altsasuarrak berebiziko eragina izan du konposizio fonetikoan.  Gonzalezek esana: “soinuak mugitzean datza musika”. Altsasuarraren sormen lanean bat egiten dute askatasunak eta zorroztasunak. Horiek oinarri hartuta, estilo jakin baten ordezkari izan da, musika komertzialetik haratago. Obra konplexuak dira bereak; “bizitzea tokatu zaizkidan une historiko lazgarrien modukoa” dio berak.

Musikari altsasuarraren lan pedagogikoa ere azpimarragarria da. Haren gidaritzapean sortu zen Iruñeko Taldea izenak biltzen zituen musikagileak. Madrileko Goi Mailako Kontserbatorioko irakasle ere izan da.

Ibilbidea
Gonzalez Azilu Altsasun jaio zen 1929ko otsailaren 18an. Gerra garaian eta gerra ondorengoan, ezerezetik hasi behar izan zuen. Bertan hasi zituen musika ikasketak Luis Tabernarekin batera (herriko organista). Herriko bandan izan zuen lehen harremana musikarekin, klarinetea eta saxofoia jo zituen. Baina harekin zerikusirik ez zuen Bach-en musikak mundu berri bati begiak ireki zizkion. Laster Iruñera joan zen eta han Fernando Remacha konpositoreak, orduan Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendaria zenak, altsasuarraren ahalmen sortzailea ikusi zuen eta laguntza eskaini zion.

21 urterekin, bere jaioterria utzi, eta Madrilerako bidea hartu zuen, soldaduska egiteko. Banda militarreko kide izan zen hainbat urtez eta irabazitako dirua musika ikasketak ordaintzeko erabili zuen. Madrilen geratu zen eta armonia, Kontrapuntu eta fuga eta konposizio ikasketak egin zituen goi-mailako kontserbatorioan. Musika Banda Zuzendarien Espainiako Gorputzeko oposizioa egin eta plaza atera zuen 1957an, baina ez zuen inoiz horretan lan egin. Garai berean musika ikasten jarraitzen zuen eta gauez saxofoia jotzen zuen Madrileko modako aretoetan. 1958an Kontrapunto eta Fugako Lehen Saria irabazi zuen.

1960an Konposizioa bukatu zuen eta Vianako Printzea erakundearendako  XVIII. mendeko nafar konpositoreei buruzko musikologia lanak idatzi zituen. 1961ean Fernando Remacharen eskutik, kontseiluak eta musika garaikidearen estetika joerak jaso zituen. 1962an ikasketa artistikoak atzerrian egiteko Nafarroako Foru Aldundiaren beka bat. Ondoren zenbait hobekuntza ikastaro egin zituen: Parisen (musika-serialeko praktikak bere kabuz egin zituen), Erroman (Santa Zezilia Musika Akademian Konposizioko Nazioarteko Ikastaroa egin zuen Godofredo Petrassirekin), Venezian (Giorgio Federico Chedinirekin Konposizioa) eta 1964ean Darmstadten (musika garaikidea Henri Pousseur, Milton Babbit eta Ligeti konpositoreen zuzendaritzapean). 1965 eta 1967 artean Madrileko goi-mailako Musika Kontserbatorioan praktiketako irakaslea izan zen. 1966an musikari lotutako linguistikaren inguruko ikerketa lana egin zuen Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarentzat (CSIC).

Ehundik gora lan, hamarnaka publikazio eta sari handiak jasotakoa da altsasuarra. Samuel Ross saria jaso zuen 1962an. Bitan jaso du Sari Nazionala: 1971n, Oratorio Panlingüístico obragatik eta 1998an bere ibilbideagatik. Espainiako Konpositore Sinfonikoen Elkartearen (ACSE) kide sortzailea izan zen 1974an. Konpositore jarduera, Madrileko Musika Kontserbatorioko harmonia irakaslearekin eta Iruñeko XX. mendeko Konposizio Tekniken ikastaroekin uztartu zuen. 2009an Madrileko Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Urrezko Domina eta Nafarroako Viana Printzea Saria, Nafarroako kultura sari nagusia, jaso zituen. Eta 2011n Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris Causa Doktore izendatu zuen konpositore altsasuarra.

Nafarroako Gobernuak Vídeos/Documentos con artistas ikus-entzunezkoen bilduman hamarkada hasieran Silencio, tiempo, memoria dokumentala argitaratu zuen, Blanca Oriaren eta Juan Zapaterren zuzendaritza eta gidoiarekin. Gonzalezek bere ibilbide oparoan ardatz izan diren printzipioen inguruan hausnartzen du. Bere pentsamendua, lana eta jarreratik abiatuta musikara iristen da, edo Gonzalezek dioen moduan, isiltasuna, denbora eta memoriara. “Konposatzea, musikaren bidez adieraztea askatasuna irudikatzea da” dio altsasuarrak. Abesbatzarako musikaz aparte, konposatzaile altsasuarrak eszena-musika, balleterako, orkestrarako musika, koru-sinfonikorako musika, ganbera-musika, ahots-musika eta zine-musika sortu ditu.