Victoriano Gallastegik, EAJko senatariak, Barne ministro Juan Ignacio Zoidori guardia civil batek Altsasuko Javier Ollo alkateari egindako grabazioaz galdetu zion atzo. Gallastegirendako guardia civilaren agente batek “haietako askoren izenean eta ordezkari moduan”, izan zuen hizketaldia baimenik gabe grabatu izana “aberrazioa” dela esan zuen. Grabazioa egiterakoan “alkatearen eskubideen aurka egin izana” leporatu zion agenteari. Aldi berean, EAJko senatariak ministroari galdetu zion grabaketa ontzat hartzen duen eta horren aurrean zein neurri hartzeko asmoa duen.
Baina Zoidok duela urte bete Altsasun bi agente zaurituta atera ziren liskarrean “biktima izan zirenekin baino erasotzaile izan zirenengandik hurbilago zaudela ematen du” erantzun zion EAJko senatariari.
Jakina denez, Ollok Unión de Guardias Civiles elkarteko idazkari nagusia Ramon Rodriguez Prendes eta beste kide batzuekin elkartu zen udaletxean nahiz eta aldez aurretik hitzordua ez izan. Hizketaldi hura baimenik gabe, ezkutuan, grabatu zuen guardia civileko agente batek eta web-hedabide bateko bideo batean argitaratu zen. Atzo Gallastegik galdetu zuen: “nola da posible Estatuko langileek osatzen duten elkarte batek, euren burua eskubide eta askatasunen defendatzailetzat definitzen duen elkarte batek, hauen kontra jokatu izana?”