Sakanan aspaldiko ezaguna da Gozamenez programa. Sexualitatea eta gazteak aintzat hartuta, gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzea du helburu. Antolatzaileak Sakanako Gizarte Zerbitzuak, Altsasuko Gazteria Zerbitzua eta ibarreko hainbat udal eta entitate dira. Programaren bidez gazteak haien sexualitatearen garapenean inplikatu nahi dituzte, “ideia murriztaileetatik aldendu eta eskaintzen dituen aukerak bizi ditzaten”. Sexualitatearen kontzeptu murritza zabaldu nahi da, askotan sexualitatea aparatu genitalera eta koitora mugatzen delako. Norberaren sexualitaterako eta besteekiko harremanetarako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk nabarmendu nahi ditu programak: lotura afektiboak, desioak, fantasiak, autoestimua eta plazera sentitzeko beste modu batzuk. Azken finean, sexualitatearen ikuspegi global eta osotua sustatu nahi da.
Gozamenezen programaren barruan hainbat ekitaldi antolatu dira Altsasun. Guztiak doakoak dira. Ikasleei zuzenduta, “bizitzaren plazerra” izeneko bakarrizketekin hasi zen programa. Aurreko ostiralean Kiki el amor se hace filma ikusi eta gero, zine-foruma izan zen ondoren, Bel Pozueta sexologoak bideratuta. Eta ostiraletik ostiral honetan Oihulari Klown taldeak “pronostiko erreserbatua” kaleko klowna ekarriko du.
Gozamenez Programa Altsasun
Azaroak 10, ostirala, 20:00etan: Zentzumenen gaua. Pronostiko erreserbatua kaleko klowna Foru Plazatik abiatuta. Oihulari Klown.
Azaroak 17, ostirala, 17:00etan: Zentzumen-ibilbidea. Sexualitateari buruzko gynkana, murala eta dastatze beroa, Intxostiapuntan.
Azaroak 28, asteartea, 11:30ean. Lotsagabeak antzerkia, Vaiven taldearen eskutik. Institutuko, altsasuko eta Etxarriko ikastolako 3. eta 4. mailako D ereduko ikasleei zuzendua.