862 sinadura Altsasun frontoi txikia edo frontballa eskatzeko

Guaixe 2017ko aza. 15a, 12:10

Altsasuko pilotazale, kirol talde, elkarte eta partikularrek eskaera eta sinadurak Altsasuko Udalari aurkeztu dizkiote

Altsasuko pilotazaleek, kirol talde eta elkarteek eta partikularrek Altsasuko udalari pilota jokoa sustatzeko eskabidea egin diote. Zehazki, ahal bada, Altsasun frontoi txikia egitea eskatu diote Udalari, edo, bestela, frontball paretak edo kantxak jaso ditzala, pilota sustatzeko. Eskabidea sendoagoa izateko, sinadura bilketa egin zuten eta guztira 862 sinadura bildu zituzten, berriki Altsasuko Udalean aurkeztu zituztenak.
Sinatzaileen eskarian jasotzen denez, “gure atsekaberako, herriko gazteek eta haurrek euskal pilotan aritzeko toki publiko dohain eta irekiak ez daude”.  Azaltzen dutenez, lehen, Altsasun, gainontzeko herrietan bezala, elizako portikoko paretetan, ondoko paretetan, plazako frontoian, Burunda frontoian –goizez eta arratsaldez zabalik egoten zen– eta hainbat tokitan jokatzen zen. Egun, toki horietako asko itxita daude.

Frontoi txikia edo frontballa

Horregatik guztiagatik eta neska-mutikoengan pilota sustatzeko, sinatzaileek Altsasuko udalari eskatu diote, ahal bada, mini-frontoia edo frontoi txikiak egiteko, edo, bestela, frontball pareta edo kantxak jar ditzatela. Izan ere, egun, pilotan, Frontball modalitatea zabaltzen ari da. Pareta bakarrean jokatzen da, txapa edo marra horizontal bat margotua duena, aintzinako frontoiak bezala. Esku huska jokatzen da, pareta sinple batekin. Udan Frontballeko Munduko Txapelketa jokatu zen eta badirudi aipatu modalitatea gora doala. Sinatzaileek diotenez, pareta hauen beste aldea rokodromoa egiteko probestu ahalko litzateke.


Tradizio pilotazalea berreskuratzea helburu


Sinatzaileek gaineratzen dutenez, Altsasun frontball paretak jasotzeko toki aproposak daude, esaterako, Otadiko Kristo Deuna ermitaren eta Txioka ikastolaren aurrean, Zelandiko eskoletako patioan, Txirinbulo Haur Eskolan,  Institutuko patioan… “Altsasuko Udalak beste gastu eta lehentasunak dituela jakitun gara, baina uste dugu gure jokoa den pilota sustatzea urgentziazkoa dela, halako instalaziorik gabe zaletasunak desagertzera joko duelako. Ez gaitu inolako interes pertsonalik mugitzen; gure tradizio pilotazalea berreskuratu nahi dugu” azpimarratu diote Altsasuko Udalari eskaera egin dioten pilota zaleek, kirol entitateek eta partikularrek. Sinatzaileek Sociedad Deportiva Alsasua, Pilotajauku kluba eta Nafarroako Pilota Federazioaren babesa dute.
Altsasuko Udaletik azaldu dute Kirol Batzordeak eskaria aztertuko duela.