Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) 2014az geroztik elkarlan hitzarmena dute, urtero berritzen dena. Joan den urtean berritu zuten Javier Ollo Martinezek eta Elena Aldasoro Galanek. Hitzarmenean jasotzen den berritasuna Altsasuko Merkataritza Mahaiaren sorrera da. Udaleko Ekonomia Sustapenerako Batzordea eta ADEko kideek osatuko dute mahaia. Urtean zehar Altsasun merkataritzaren arloan egin daitezkeen jarduerak adostu eta baloratzea izanen du helburu aipatutako mahaiak. Urtean gutxienez bitan elkartuko da batzordea eta bietako edozeinek eskatu ahalko dio bilera batzordeko buruari. Oraindik ez dago lehen bileraren data zehaztuta.
ADEko ordezkari Aldasorok hitzarmena berritzerakoan esan zuenez, “denda txikien aldeko pauso ona da. Udalarekin komunikatzeko bide errazagoa da. Espero dugu mahaian entzun bai baina ideiak ere sortuko direla. Guk ideiak sortzea nahi dugu”. Agerraldian azaldu zuenez, aurki eginen den Eguberri kanpainara 2.000 euro inguru bideratuko ditu ADEk, bazkideen eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin estaliz aurrekontua.
Udalaren aldetik
Altsasuko establezimendu gehien biltzen dituenez, “udalarendako ADE merkataritza arloaren ordezkaria da. Bera da gertuko merkataritzaren interesak zaintzen dituena”, esan zuen alkateak. Ollok gogorarazi zuenez, hitzarmenaren bidez, ADEk Gure Etxea eraikina bilera, batzar, prestakuntza saio eta bestelakoetarako erabiltzeko aukera izanen du. Aldi berean, udalak ADEk antolatutako jarduerei laguntza eta erraztasunak emanen dizkiola aurreratu du.
Ollok gogorarazi zuen udalak establezimendu txikiak laguntzeko ahal duen neurrian ahaleginak egiten dituela. “Aurten ekonomia-sustapen proiektuetarako laguntza 1.000 euroko diru-saila sortu du udalak. Baina 2018ko aurrekontuetan ADEren ekimenak laguntzeko diru-sail bat izanen da”, aurreratu zuen alkateak. Establezimenduen ezarpena laguntzeko aurten, estreinakoz, udalak ekintzailetza laguntzeko 5.000 euroko diru-saila izan duela gogorarazi zen Ollok. Hori orain arteko fiskalitate arloko hobariei edo udal zergen-salbuespenei gehitu zaizkie.