Irakurzaletasuna eta kultura sustatzeko ekintzak antolatzea helburua hartu dute. Eta, horregatik, elkarlanean hasi dira Arbizuko, Etxarri Aranazko, Urdiaingo, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko liburutegiak. Eta hala segitzeko asmoa dute. Elkarlan hori mustutzeko sei liburutegiek Kirmen Uribe idazlearekin literatur-solasaldia antolatu dute gaurko. Beraz, Iortia kultur gunetik pasatzen diren literatura zaleek ondarrutarraren obra egileak berak azalduta ezagutzeko aukera izanen dute. Badira aste batzuk sei liburutegiek Uriberen obra ezagutarazteko irakurketa gida sortu zutela eta banatu egin dutena.
Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua (2016ko kritika saria) bere azken eleberria aurkeztuko du Altsasun. Hain zuzen ere, liburu hau bera izan da irakurle taldeetan irakurri dena, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Literatur solasaldia doakoa da, eta aretoko aulkiak bete arte sartu ahalko da jendea. Idazlearekin solasaldi hori Nafarroako Gobernuaren Liburutegi Zerbitzuaren laguntzari esker posible izan da.
Biografia
Ondarrutarrak sormen esparru zabala landu du, hasi haur literaturatik eta musika proiektuak arte. Saiakera lan batekin atera zen euskal letren plazara: Lizardi eta erotismoa (1996, Alberdania). Bitartean heldu eskutik (2001, Susa) poesia liburua argitaratua du. Haur eta gazte-literatura sei titulu ditu: Garmendia eta zaldun beltza (2003, Elkar), Ekidazu, lehoiek ez dakite biolina jotzen (2003, Elkar), Ez naiz ilehoria, eta zer? (2003, Elkar), Garmendia errege (2004, Elkar), Guti (2005, Elkar), Garmendia eta Fannyren sekretua (2006, Elkar). Portukoplak. Itsas kantak eta poemak (2006, Elkar) bilduman parte hartu zuen.
Orain arte hiru eleberri argitaratu ditu: Bilbao-New York-Bilbao (2008, Elkar). Mussche (2012, Susa), Elkarrekin esnatzeko ordua (2016, Susa). Azkenik, musika eta literatura uztartzen dituen bi proiektutan parte hartu du: Bar Puerto (2001, Gaztelupeko Hotsak) eta Zaharregia, txikiegia agian (2003, Gaztelupeko Hotsak)