Hamlet eguneratua ezagutzeko aukera

Guaixe 2017ko aza. 17a, 12:23

Hamlet antzezlanaren eszena bat.

Valladolideko Teatro del Veneno amateur antzerki taldeak ekarriko du, Tarima Beltza taldearen elkar trukaketa programaren barruan. “Izan ala ez izan, hor dago koska” bakarrizketarik ezaguna duen antzezlanaren emanaldia larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da

Tarima Beltza amateur antzerki taldeari esker William Shakespeareren Hamlet, Dinamarkako printzea antzezlana ikusteko aukera izanen da. Altsasuko antzerki taldeak Nafarroako amateur antzerki taldeekin hasi zen elkartrukeak egiten. Te@treves zikloa haien emanaldiekin osatu dute udaberrian. Aurten ezin izan da egin eta urtean zehar banatu dituzte emanaldiak. Antolatzen duten bigarrena da biharkoa. Bestalde, duela bi urte beste erkidegoetako taldeekin harremanetan hasi ziren eta, horrela, Valladolideko Teatro del Veneno taldearekin harremanetan jartzea lortu zuten.

Esan bezala, Shakespeareren lan ezagunena ekarriko du talde gaztelarrak. “Baina gaur egunera egokitu dute obra. Eszenaratze ausarta, arriskatua egin dute. Zuzeneko musika eta guzti”, azaldu digu Juan Manuel Herrerok, Tarima Beltzakoak. Haren kide Mertxe Herrerak gaineratu duenez, “amateur antzerkiak profesionalak baino lan arriskatuagoak egiten ditu”. Teatro del Venenok Abadiñon obra hilaren 4an eman zuen eta handik “erreferentzia onak” jaso dituztela azaldu digute.

Antzezlanaz
Valladolideko taldea 2007an sortu zen. 30 urte inguru dituzten pertsonak elkartu zituen, guztiek ere, antzerkia arte adierazpide gisa dutenak. Ordutik zortzi antzerki muntaia prestatu ditu. Jatorrizkoan bezala, prestatu duten Hamleten 2.0 bertsio hori herio, maitasun eta mendeku istorioa da, pertsonen berezko emozioak azalarazten dituena.

Kasu honetan Hamlet ez da Erdi Aroko pertsonaia izanen, gaur egungoa baizik. Mundurik onenean bizi da luxuz inguratuta: festak, kotxeak, emakumeak… Bere aita pertsona ona da eta bere karguan zintzoki jarduten du. Ama, ona baina hotza. Aita bat batean hil eta dena aldatuko da Hamletendako. Claudio osaba amarekin ezkonduko da. Dolu betean, Hamlet bigarren planora pasako da, egunak gero eta ilunagoak bihurtuz. Jatorrizkoan Hamleten aita mendeku eske agertuko da, baina ikusi beharko da Levi Cabezas zuzendariak zer nolako moldaketa egin duen.