ELA-Foruzaingoa atal sindikaleko kideak “kezkatuta” daude, haien iritziz “azken bi urteotan indarrean dagoen legedia ez baita bete”. ELAn dauden foruzainek azaldu dutenez, Altsasuko polizia-etxean dauden agente guztiak Prebentzio eta Herritarren Arretako Dibisiokoak dira. Sindikatutik azaldu dutenez, legean dibisio horrendako zereginen artean ez dago trafiko zaintza eta, beraz, ezta alkohol eta droga-probak egitea ere. Egiteko hori trafikoa zaintzeko atalari dagokiola argitu dute.
“Gero gidariaren aurka erabili ahal diren probak gaikuntzarik ez duten agenteek egiten dituzte. Proba horietan oinarritzen diren salaketak, eta balizko egozpen edo inputazioak (Bide Segurtasunaren aurkako delituak) akastunak izanen dira ab initio, halakorik egiteko gaitasunik ez duenak egin izanagatik”.
ELAtik azaldu dutenez, “alkohol/drogak probak egiteko ezarrita dagoen protokoloa aldatzeko helegite bidezko saiakerek ez dituzte ontzat eman, ez Foruzaingoko buruak, ezta kontseilariak berak ere. Departamentuak erabakirik hartu ez duenez, Arartekoarengana jo dugu, eta han salaketa eta baita zerbitzu publikoak hobetzeko proposamena ere aurkeztu ditugu”.