Haurrak album ilustratuetara hurbiltzeko lantegia

Guaixe 2017ko aza. 16a, 18:11

Album ilustratuak liburu handiak dira, marrazki koloretsu handiz eta testu labur ederrez osatuta. Horiek nola egiten diren ikasteko aukera izanen dute 6 eta 10 urte bitarteko haurrek Yolanda Arrieta idazlearekin eta Aitziber Alonso ilustratzailearekin. Haien laguntzarekin, izena ematen duten haur guztien artean irudi liburua sortuko dute. Eta, bukatzean, bakoitzak etxera zati bat eramateko aukera izanen du.

Lehen Hezkuntzan ikasten ari diren haurrei zuzendutako tailerra abenduaren 29an izanen da, 17:00etatik 19:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean. Izena eman nahi duenak abenduaren 26ra arte egin dezake, 948 564 272 telefonora hots eginez edo iortia@altsasu.net e-postara bidaliz. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du lantegia, Altsasuko Udalaren laguntzaz.

Irakasleak
Yolanda Arrieta idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzearekin batera, zenbait liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean. Haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi du. www.nitikgura.com gunean jarrai daiteke bere ibilbidea. 



Aitziber Alonso, berriz, Arte Ederrak ikasi zituen eta urtetan Artelekun eta Galtzagorrin aritu da bera lanak egiten, besteak beste, irakurketa aretoendako eszenografiak sortzen. Egun ilustraziora dedikatzen da eta bere lan batzuk www.aitziberalonsoilustracion.blogspot.com blogan aurki daitezke.