Gauzen konponketarako hitzordua

Guaixe 2017ko aza. 17a, 10:28

Azaroko astearteetan Gure Etxea eraikineko beheko solairua erreparazio tailerra bihurtzen da. Hara biltzen direnek euren jakintzak partekatu eta gauzei bigarren bizitza bat ematen diete

Asteartean Maria Blanca larru zati bat mozten harrapatu genuen: “semearen moto zahar baten aulkia konpontzeko da. Aulkiko larrua hautsita dago eta piezak askatzen ari naiz patroiak egin eta gero larru berriarekin motorraren aulkiarendako azal berria egiteko”. Mobillette motorraren marka duen larru zatiak gorde eginen ditu eta aulkiaren larruzko azal berrian itsatsiko ditu. Maria Blancak horrela semearen afizioarekin bat egiten du, motoak zaharberritzea. “Pentsa dut patroietatik ateratako piezak josi egin beharko direla. Ea zer dioten irakasleek!” Ikusi dioguna aulki txikia da, beste motor aulki handiago bati larrua zaharberritzeko asmoa du Maria Blancak. Joan den urteko esperientziarekin “oso pozik” gelditu zen: “aulki batzuk tapizatu nituen hauen laguntzarekin. Etxean ere hasi nintzen, baina tresneria falta nuen. Ahal nuen moduen egin nuen”.

Beste mahai batean dago Betisaren ogia egiteko makina izorratua dago. Konpontzeko modurik ez eta Javiren bidez ekimenaren berri izan eta etxetresna elektrikoa ekartzea erabaki du. “Ea arazoa zein den opatzen dugun eta konpontzen dugun, makina berezia da eta ez da hain erraz ordezkatzea”.  

Aldamenean, Victor eta Idoia bi ogi xigorgailu darabilte esku artean. Baten “malgukia eutsi behar dion pieza gastatuta dago eta nolabait eusten dugun aztertzen ari gara” esan digu Victorrek. Helburua ogia xigorgailu barruan eustea da. Egin daitezkeen moldaketak aipatzen dizkiote elkarri. Idoiak bigarren etxetresnaren diagnosia eman digu: “bakarrik alde bat funtzionatzen du eta ogiari buelta eman behar zaio. Etxean nituen eta beten malgukia hartuta bestea konpondu zitekeela uste nuen eta, horregatik, etorri naiz. Ea bat behintzat konpontzea lortzen dugun. Mesede ederra. Eta naturari! Bota beharrean beste tartetxo bat irauten dute”. Victorrek maiz joaten da eta eskarmentua du. Aurreko asteartean mikrouhin labea eta iratzargailua konpondu zuen.

Saioa ondoko mahaian dago. Mahaitxo txiki bat egunkari paperez estaltzen ari da kolaz lagunduta. “Mahaia oso itsusia zen eta birmoldatzeko eta edertzeko ekarri dut. Guztien artean zer egin erabaki genuen eta oso ideia polita iruditu zitzaidan”. Estreinako aldia du eta haiek irakatsi bezala ari da mahaiari bigarren bizia ematen.

Bizkarra tente mantentzeko belaunak jartzekoa duen egurrezko aulki baten aurrean opatu dugu Beatriz. Aldamenean, zerra, zulagailua, barautsak, allen giltzak, iltzeak eta beste ditu aldamenean. “Aulkiko torlojuak gaizki zeuden. Horiek ongi jartzeko aulkiko tapiza kendu dugu eta dena egin ondoren, berriro tapiza jarriko dugu”. Aulkia hainbat alturatan jartzeko aukera du tope batzuen bidez. “Gaizki zegoen eta makil berria jarriko dugu”. Horretarako zur zati bat moztu eta lixatu beharko du. “Nire anaia institutuan zegoela asko erabiltzen zuen. Zahartuta gelditu zen eta berritzeko erabiliko dut saioa”. Estreinako aldia du eta konpontzeko gauza gehiago dituela aitortu digu Beatrizek; “elkar laguntzen dugu eta asko balio du”.

Kafe konpondu
Guztiak ere Kafe Konpondu ekimeneko erabiltzaileen adierazpenak dira. Azaroko astearteetan, 18:00etatik 20:00etara, Gure Etxea eraikineko beheko solairutik pasatzen direnek aukera bera izanen dute. Han izanen dira Javi, Luis, Victor edo beste bakarren bat eramandako trastea konpontzeko laguntza emanen dutenak. Luisek argiro azaldu digu: “beraiek konponduko dute. Gu laguntzeko gaude. Tresneria uzten diogu, nola egin esaten diogu. Gurea akonpainamendua da”.

Pertsonen arteko harremanak sortu eta etxean hautsita dauden gauzei bigarren aukera bat ematea da ekimenaren helburua. Bigarren urtea da Batuta, birziklatze laborategiak Altsasuko Udalarekin antolatzen duena. Batutakoen ametsa litzateke etorkizunean talde egonkor bat sortzea eta bere kabuz martxan aritzea. Bitartean azaroko bost astearteetan jarri dute hitzordua. Dohainik da. Baita beste mahai batean dagoen kafea edatea edo bizkotxoa jatea bezala.

Erlazionatuak