5. edukiontziaren ezarpena Altsasun

Hondakin organikoak? Bai, eskerrik asko

Guaixe 2017ko aza. 20a, 13:32

Sakanako Mankomunitatea hondakin organikoak biltzen ilbeltzaren 15ean hasiko da. Edukiontzi marroiari buruzko informazio kanpaina heldu den asteko hitzaldi sortarekin hasiko da

Jakinik etxebizitzetan gehien sortzen den hondakin mota organikoa dela, hondakin mota hori biltzeko 5. edukiontzia, edukiontzi marroia, jartzea erabaki zuten Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak. Helburua Altsasuren hondakinen gaikako bilketa gaur egungo %28tik %65era pasatzea da eta 2018ko abenduaren 31rako lortu nahi dute. Premiagatik, Europako legediak gaikako bilketa 2020rako gutxienez %50ekoa izatea eskatzen duelako. Sakanako gainontzeko herrien %80aren bueltan dago.

Helburua lortzeko Sakanako ilbeltzaren 15a bitartean Mank-ek informazio kanpaina handia eginen du. Izan ere, 3.767 etxebizitzetatik 2.260k (% 60) izena eman beharko lukete bi erakundeek adostutako helmuga lortzeko. Oraingoz % 8k besterik ez dute izena eman. 5. edukiontziaren inguruko informazioa emateko erdialdean, Alde Zaharrean eta zabalgunean informazio-bilera bana antolatu du Mank-ek. Aurrerago bilera selektiboak eta informazio banaketa egitea ere aurreikusten du. Argibideak nahi dituenak 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake. Mank-ek ez du baztertzen berriro Baratzekobide plazako lokomotora informazio puntu gisa zabaltzea.

Mank bitartean edukiontzi marroiaren ezarpenerako azpiegiturak jartzen hasi da. Egungo edukiontzien ondoan metalezko posteak daude dagoeneko. Abendua bitartean herrian barnako guztiak jarriko dituzte. Horiek 240 litroko edukiontziei eusteko dira. Altsasun barna 140 bat jarriko dituzte.

Hitzaldiak
Eguna         Ordua    Lekua
Asteartea     19:00     Iortia kultur gunea
Asteazkena   19:00    Gure Etxea eraikina
Osteguna     19:00     Intxostiapunta gazte gunea

Kronologia
2016-06-09 Altsasuko Udalak 5. edukiontzia ezartzeko Mank-ekin sinatu beharreko akordioa onartu zuen.
2016-07-06 Altsasuko Udalak eta Mank-ek akordioa sinatu zuten.
2016-11-14 Edukiontzi marroiari buruzko lehen informazio bilerak.
2016-11-21 Baratzekobideko plazako informazio puntua astelehen, asteazken eta ostiraletan zabaltzen hasi zen.
2017-04-07 Soilik 91 etxebizitzek zuten izena emana.
2017-04-26 Jende gutxik izena eman zuela ikusita, Altsasuko Udalak, Mank-ekin adostuta, % 65eko helburua 2018ko abenduaren 31rako lortzea erabaki zuen.