Eguberrietako haur eta gazteendako aisialdi eskaintza prest

Guaixe 2017ko aza. 22a, 12:43

Abenduan ikastetxeetan oporrak hartuko dituzte. Etxe askotan gurasoen lana oporretan dauden zaintzarekin bateragarria egitea zaila egiten da. Horren jakitun izanik, Txantxari udal ludotekak lana eta familia bizitza bateragarri egiteko eskaintza egin du: Aisiaz blai. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa da (2005 eta 2014 artean jaiotakoak). Eskaintza abenduaren 26, 27, 28 eta 29 eta ilbeltzaren 2, 3, 4 eta 5 egunetarako da. Ordutegiari dagokionez, bi aukera daude: 08:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz bigarrena sortuko litzateke.

Euren seme-alabak Aisiaz blai programan izena eman nahi dutenek gaurtik heldu den asteazkenera arteko epea dute izena emateko. Horretarako, 948 012 012 edo 012 doako telefonora hots egin behar dute. Lehentasuna Altsasun erroldatutako eta behar bereziak dituzten haurrek dituzte. Ordaindu beharrekoa familia bakoitzaren diru sarreraren araberakoa da. Hori zehazteko udalak lau errenta tarte zehaztu ditu. Baita dagozkion hobariak ere. Horretarako, onartuak direnek 2016ko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute abenduaren 5etik 15era, udal bulegoan edo ludotekan (Garbitoki eraikineko 1. solairuan).

Bestalde, Gazteria Zerbitzuak jakinarazi du Neguko Gu Geu Gazte programan izena emateko epea ere zabaldu dela. Aniztasun funtzionalak dituzten gazteengana zuzendutako programan izena emateko epea azaroaren 28ra arte dago zabalik. Intxostiapunta gazte gunetik pasaz edo 012 telefonora hots eginez egin daiteke izen ematea.