Altsasuko Udalaren Aita Barandiaran adinduen egoitzako langileek eta LAB sindikatuak salatu dutenez, “langileak egoera prekarioa eta neurrigabeko lan karga” dute. Azaldu dutenez, “egoitzan dauden pertsonak gero eta mendekotasun handiagoa dute. Arreta egokia bermatzeko plantilla indartzea beharrezkoa da”. Ziurtatu dutenez, “gaur egun dugun ingresatu kopurua eta haien profilak ezinezko egiten du dugun langile kopuruarekin kalitatezko arreta bat ematea”. Nabarmendu dutenez, “egoera are larriagoa da asteburuan, langile kopurua murritzagoa denean eta arreta behar duten pertsonak berdinak direnean”.
Bi aldarrikapen egin dituzte. Batetik, astebururako langile gehiago kontratatzea eta, bestetik, Altsasuko Udalari exijitu diote adinduen egoitzako lan hitzarmen berria negoziatzera eser dadila. Aita Barandiaraneko langileek azaldu dutenez, “Altsasuko Udaleko bigarren mailako langile sentitzen gara eta konponbideak nahi ditugu”.