1992ko azaroan izan zen, Jose Manuel Goikoetxea alkate zela eta Juakina Zubiria berdintasun zinegotzi, Altsasuko Udalak Emakumeen Bilgunea sortzea erabaki zuen. Atzean mugimendu feministaren bulkada izan zen. Hurrengo urteko ilbeltzaren 28an aurkeztu zuten zerbitzua jendaurrean aipatu zinegotziak, Idoia Goikoetxea Gomez teknikariak eta Mari Luz Oiarbide liburuzainak. Hiru hilabeteko probaldia zen. Emaitzen arabera udalak segitzea edo ez erabakiko zuen. Horregatik, zerbitzuaren berri emateko 468 gutun bidali zituzten.
Garai hartan Altsasuk 433 langabe zituen eta haietatik 323 emakumezkoak ziren. Langabeetatik 304k oinarrizko ikasketak zituzten. Orduko zentsuaren arabera 30 eta 65 urte arteko 42 emakumezko analfabetoak ziren eta 949k ez zuten ikasketarik. Langabezia eta ikasketa maila baxua ziren emakumezkoak enplegu bulegoak, udalak, helduen etengabeko irakaskuntzak eta bestelako erakundeek antolatzen zituzten ikastaroetan izena ematera bulkatzen zituenak. “Parte hartze pasiboa da, emakumezkoak hartzaile soilak dira. Taldeak ez dira egituratzen, klaseak bukatzean desegin egiten direlako” azaldu zuten 1993ko aurkezpen hartan.
Horregatik, emakumeei zuzendutako jardunak bilduko zituen bilgunea sortu zen. Helburuak ziren emakumezkoak “familia mundu mugatutik ateratzea, bizi duen errealitatearen ezagutza kritikoa izan dezala; emakumezkoek gizarte bizitzari buruzko eta bere ahalmenei buruzko ideiak izan ditzala lortu nahi da. Gainera, harremanetan jarri, euren jarduerak koordinatu, erakundeei elkarlana eskatu eta eskaera eta behar berriak sortzea”. Ordurako sumatzen zuten emakumezkoek gero eta gehiago parte hartzen zutela gizarte-bizitzan, baina kontrako inertziak sumatzen zituzten.
Aurkezpenean aurreneko ikastaroen berri eman zuten. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren eta Ipes-Gite erakunderen elkarlanari esker irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina antolatu zuten. Emakumezkoei buruzko liburuak eta emakumezkoek idatzitako liburuak bidaltzen hasi ziren. Emakumezko irakurle taldea sortu zen ere.
Udaleko Berdintasun Batzordeko kide Arantza Bengoetxea, Julia Cid, Virginia Alonso eta Pedro Jimenezek urteurrenaren harira agerraldia egin zuten asteartean. Esan zutenez, zerbitzuaren lana “gizarte zuzenago, berdintasunezkoago baterantz jotzeko egin da. Batzuetan aurretik joan gara, beste batzuetan inguruaren eskaerei erantzun diegu”. Nabarmendu zutenez, “batzordean ia dena aho batez onartzen da. Konpromiso handia dago”. Guztiek ere Altsasuko mugimendu feministaren lana aitortu zuten, izan diren aldaketen eta politiken sustatzaile izan delako.
Aldaketak
Mende laurdena ez da alferrik pasa eta emakumezkoen arloan “politika publikoak zentzuz eta helburuz aldatu dira”. Orduko Emakumeen Bilgunea Berdintasun Zerbitzua da egun. Hasieran “arlo publikoan emakumezkoendako topagune izan zitezkeen jarduerak antolatzen ziren. Hori ez da gure lana orain, dagoeneko emakumezkoak interesatzen zaizkien jardueretan parte hartzen dute”. Zerbitzuak hasieran antolatutako jardueretako batzuk (literatur solasaldiak edo yoga, esaterako) beste batzuen ardura dira orain. Goikoetxeak gogorarazi zuen zerbitzua “ezagutaraztea eta funtzioa izatea kostatu” egin zela. Hasiera hartan zerbitzutik aldarrikapenak egin ziren ere: familia orientazio eta sexu heziketarako zentroa jartzea (Cofes), osasun etxean pediatria, haur eskola… Gaur egun, ordea, zerbitzuaren zeregin nagusia administrazioko beste arloekin eta beste erakundeekin lan egitea da, “berdintasuna haien lanean txertatu dezaten”.
Astearteko agerraldian batzordeko kideek ikastetxeekin batera egiten den lana nabarmendu zuten. Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako hezkidetza programa eta sexu erasoen inguruko beste programa, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dagoena. “Aurten gainera, talde horietako irakasle eta gurasoekin saioak egiten ari gara”. Bestetik, musika eskolako berdintasun plana onartzear du udalak. Eta kirol begiraleak, aisialdikoak eta udal teknikari eta arduradunak trebatu egin dira.
Indarkeria egoeran dauden emakumeei eskainitako zerbitzuan ere aldaketa izan da. “Hasi ginenean mugimendu feministak Iruñean kudeatzen zuen arreta zerbitzu bat besterik ez zegoen. 2001ean hasi zen udala aholkularitza juridikoa eskaintzen, hilean behin”. Gaur egun arreta hori Nafarroa guztirako sistematizatuta dago Arreta Protokolo baten bidez. Foru legediak emandako eskumenetan oinarrituta legegintzaldi honetan Koordinazio Taldea eta indarkeria egoeretatik bizirik irten diren taldea sortu eta babestu dute. Gainera, Altsasuko mugimendu feministarekin batera jai egunetan izaten direnen sexu-erasoen aurrean nola aritu zehazten duen protokoloa onartu zuten pasa den urtean, aurten osatu dutena.
Urteurren egitaraua
Asteazkena 29
Camino que hemos hecho las mujeres en los últimos 25 años hitzaldia emanen du Arantza Urretabizkaia Bejarano idazleak. 19:00etan, Iortia kultur gunean.
Asteazkena 13
Los retos de las mujeres y los feminismos en los próximos años hitzaldia emanen du Saioa Iraola Urkiolak. 19:00etan, Iortia kultur gunean.
Ostirala 29
25. urteurren festa: zerbitzuaren lanaren lekuko izan diren emakumeen testigantzak, ibilbidearen berri ematen duen bideoa. Gonbidapenak heldu den asteazkenetik jaso daitezke kultur gunean.