Ados Teatroak aurten mustu du Idiot Txou antzezlana. Garbi Losadak zuzenduta, aktore ezagunak izanen dira taula gainean: Javier Merino, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hormaza. Zuzeneko irrati-saio baten aitzakiarekin, gaurkotasunaren umorezko analisia egiten duen komedia bat antzeztuko dute hirurek. Horrek gizarte egunerokotasuneko gai sakonak eta herriko albiste txikiak lantzeko aukera emanen die aktoreei. Obran inprobisazioak ezinbesteko papera hartuko du.
Aktoreetako bi irrati esatarien larruan sartuko dira eta bestea teknikariarenean. Kultur etxetik zuzenean ari dira saioa egiten, entretenimendu saioa izan nahi duena, arazorik gabea. Baina arazo bat dute: haien irrati saioak apenas du entzulerik. Audientzia falta horrek haien kaleratzea ekar dezake. Irrati saioan parte hartzeko inork telefonoz hots egiten ez duenez, “aukera bakarra” geratuko zaie: ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuaz deiak jasotzen ari diren itxurak egitea, betetze lanetarako sikiera... Baina hori gertatzen den bakoitzean edukiak pikutara joanen zaizkie eta kaosa etorriko da, egungo albisteen inguruan umorezko kritika egiten amaituaz. Purrustadak biderkatu egingo dira, eta deskalabrua ere bai.