Kirmen Uribe idazlea Altsasun izan zen pasa den ostiralean. Haren azken eleberria, Elkarrekin esnatzeko ordua (2016ko kritika saria), izan zuen hizketagai Iortia kultur gunean elkartu ziren literatur-zaleekin. 75 pertsona izan ziren solasaldira joan eta liburuak eragindako sentipen, iritzi eta zalantzak idazlearekin partekatu zituztenak. Literatur-hizketaldia Arbizuko, Etxarri Aranazko, Urdiaingo, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko liburutegiek elkarrekin antolatu zuten. Estreinako esperientzia positiboa izan da. Seiek ez dute baztertzen etorkizunean halako irakurzaletasuna eta kultura sustatzeko hizketaldi gehiago antolatzea; ezta egoitza aldatzea ere.