Lertxundiren kantaldia

Guaixe 2017ko abe. 1a, 12:56

Bihar, 20:00etan, Altsasuko Burunda frontoian

Ferietako larunbatean eman ezin izan zuen kontzertua bihar eskainiko du Benito Lertxundik Altsasun. 52 urteko ibilbidean 17 disko ondu ditu oriotarrak. Folk musika baino gehiago da berea. Zainetako musika hori beste estilo batzuekin nahastu ditu. Horren adibidea azken diskoa izan zen: Oroimenaren oraina (2015, Elkar). Haren aurkezpen biraren ondoren, Altsasun bere diskografiako pieza ezagunak oraindik ere argitaratu gabeko kantuekin batera emanen ditu. Horietan, bere barne hausnarketak, Fernando Pessoa portugaldar idazlearen olerkiak edota Jorge Bucay argentinarraren olerkiren batekin konposatutakoak daude.

Oriotarra honako musikarien laguntza izanen du eszenan: Juantxo Zeberio (piano eta sintetizadorea), Amaiur Cajaraville (baxua), David Gorospe (bateria), Angel Unzu (gitarra eta bouzukia), Gurutz Bikuña (gitarra), Xabier Zeberio (arrabita eta nyckelharpa), Pello Ramirez (eskusoinua eta bioloncelloa), Intza Unanue (koroak) eta Olatz Zugasti (harpa, teklatua eta ahotsa).