Nafarroako sukaldaritzan egindako lana eta haren zabalkundean duten garrantziagatik Nafarroako Gobernuak bederatzi emakumezko sukaldari omendu zituen pasa den ostegunean. Omenduen artean Juana Mari, Manoli eta Julia Hartza ahizpa altsasuarra daude, urteetan Iruñeko Hartza jatetxea kudeatu zutenak.
Nafarroako Gobernuak nekazaritzako kalitate bereziko elikagaien erreferentziak biltzen dituen marka bat du: Reyno Gourmet. Markak hamar urte bete zituela eta horren kontura egin zen emakumezko sukaldarien aitortza. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek omendutako guztien “lana, karisma eta profesionaltasuna” aitortu ditu. Elizalderendako emakumezko horiek “ekintzaileak, enpresariak eta estrategak” dira, tokiko baliabideetan eta gertuko kalitatezko ekoizleengan konfiantza izanagatik. Haien jardunean zero kilometro estrategian indarrean jarri zutela nabarmendu zuen, ohiko eran gertuko ustiategietan ekoiztutako garaian garaiko elikagaiak erabiltzeagatik.