Gazteen artean eraso sexistak saihesteko Altsasuko Udalak urtero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Lanbide Heziketako institutuko ikasleei zuzendutako programa antolatzen du urtero. Ikastetxeetan tailerreko saioak joan den astean despeditu dituzte eta, ohikoa denez, ikastetxe guztietako ikasle guztiak bat eginen duten jarduera izanen da emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna dela eta.
Gaur goizean Iortia kultur gunean elkartuko dira ikasleak Tdiferentzia antzerki taldearen Bi ero diskotekan antzezlana ikusteko. 09:00etan gaztelaniazko emanaldia izanen da. Hura bukatutakoan, 11:00etan, kultur guneko ezkaratzean ikasle guztiak elkartu eta haiek sortutako marrazki, esaldi, argazki eta bestelakoekin indarkeriaren kontrako esku morea osatuko dute eraikineko kristal batean. Horren ondoren, 11:30ean, antzezlana euskaraz ikusteko aukera izanen du beste ikasle talde batek.
Komedia
Maitasuna eta umorea zati berean duen antzezlana da ikasleek ikusiko dutena. Bi emakume barrezka ari dira afterhour bateko azotean, gazte plantak egin nahian haien ohikoa ez den janzkera dute. Han daudela nerabe bat igoko da teilatu laura eta han bere ama eta izeba daudela ikusiko du:
“baina, ama! Zzer egiten duzue hemen erdi mozorroturik diskotekaren atzealdean?” Abiapuntu hori du haien bizitzako gaurik ero eta dibertigarrienetako bat. Hitz egin eta abestuko dute, irri egin eta edan, eta negar eginen dute… eta, poliki-poliki, izen bera duten eta herentzia kaltegarriren bat duten lau emakume horien istorioa xehatzen joanen da. Eva Azpilikueta altsasuarra, Esti Curiel eta Maitane Perez dira aktoreak. Haiek zuzentzen Maite Redin eta Adriana Olmedo aritu dira.