5. edukiontzirako 40 etxebizitza gehiago

Guaixe 2017ko abe. 1a, 09:34

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko kideek bosgarren edukiontziaren ezarpenari buruzko hiru hitzaldi eman zituzten joan den astean. Alde Zaharean, erdialdean eta zabalgunean egindako hitzaldietan materia organikoa Altsasun nola jasoko den jakinarazi zitzaien hitzaldietara joan zirenei. Haietako 40k bosgarren edukiontzia erabiltzea erabaki zuten. Dagoeneko 205 etxebizitza dira pauso hori eman duteneak, % 5,44. Horiek guztiek Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren deskontua izanen dute heldu den urteko hondakinen erreziboan.

Mank-en eta Altsasuko Udalaren akordioaren arabera heldu den urte akaberarako herriko hondakinen gaikako bilketa %65koa izatea nahi da. Gaur egun % 28koa da, baina materia organikoa bereizita egoki jasoz gero kopuruak gora erraz egiten du. Hala, Europatik ezarritakoa beteko litzateke. Helburua lortua ahal izateko 3.767 etxeetatik gutxienez 2.260k (% 60)eman behar dute izena. Ilbeltzaren 15ean hasiko dira Mank-eko langileak materia organikoa Altsasun jasotzen.

Hondakinen Zerbitzutik jakinarazi digutenez, hurrengo asteetan informazio kanpainarekin segituko dute. Hedabideen bidez informazioa zabaltzeaz aparte, kalean eta ikastetxeetan esku-orriak banatzeko asmoa dute. Gainera, kolektibo jakinendako hitzaldiak antolatzea dute buruan. Gaiari buruzko informazioa edota izena eman nahi duenak 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake.