Barricarte lasterketa ate joka

Guaixe 2017ko abe. 5a, 11:00

Altsasuko Zubeztia elkarteak abenduaren 8an antolatutako lasterketak Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak saria erabakiko du

Zubeztia elkarteak antolatutako 37. Oinezko lasterketa edo 34. Alberto Barricarte memoriala abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean, ostiralean. Lasterketari 11:30ean emango zaio hasiera eta Altsasuko herri gunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eman beharko zaizkio, guztira 10,6 km osatuz.

Lasterketa Zubeztia elkarteak antolatzen du, Altsasuko Udalaren laguntzarekin. Festa eguna denez, eta abendua, gure korrikalariendako proba berezia da, urteko azkena den San Silvestrerako puntuan jartzeko aproposa baita. Oso proba herrikoia da. Iaz, esaterako, 253 korrikalari lehiatu ziren, horietatik 36 sakandar, eta David Garcia (39:20) eta Izaskun Beunza (47:53) izan ziren txapeldunak.



Aurten 10,6 km


Zubeztia elkartekoek herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,2 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba. 



Izena ematea egunean bertan


Izena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean. 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.

Sakanako atletismo kopako azken proba
L

asterketa honekin 2017ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Egun, emakumezkoetan Izaskun Beunza doa buruan, Ginesa Lopezen eta Leire Estarriagaren aurretik, eta, gizonezkoetan, Raul Audikana da lehena, Sergio Garcia de Eulateren eta Felix Benjumearen aurretik. Abenduaren 8ko Altsasuko lasterketak erabakiko du sailkapena.