Frontoiei eskainitako erakusketa

Guaixe 2017ko abe. 6a, 13:46

Pilotalekuak herrietako plaza irekiak izan diren heinean haren bizitzaren lekuko izan dira. Juan Barriolak eta Patxi Aldunatek herri-kultura goratu eta ondarea kontserbatu asmoz lan garaikidea egin dute

Frontoia euskal herrietako espazioko bereizgarria eta propioa da. Kirola egiteko tokiaz aparte giza erlazioak egiteko lekua ere bada frontoia. Hori guztia ikuspegi berri batetik eta grafikoki dokumentatuta ematen du Denboraren soinuak erakusketak, Pott eta… 2017 proiektuak ondu duena, hau da, Juan Barriolak eta Patxi Aldunatek.

Frontoiek betidanik erakarri dituzte sortzaileen arreta, hasi Goia margolariarengandik eta Jorge Oteiza eskultorearekin edota Jesus Maria Lazkano margolariarekin bukatu arte. Erakusketa horren bidez  “lehen guri espazio mitiko horrek eskainitako arreta bueltatzeko modua” eman nahi dute sortzaileek. Horregatik, “espazioak sortzen duen magia” jaso nahi izan dute, “lehena eta oraina nahastuz, etorkizunera begira”.

Pintura garaikidearen markoan, ikerketa proiektua garatu dute. Haren bidez iraganeko irudiak berreskuratu dituzte, XIX. eta XX. mendeetako ohitura-pintura eta gerra ondorengo formulazio estetikoak uztartuz. Erakusketa batetik bestera dagoen bitartean ikerketa zabalik izanen dute. Hura Iruñeko Labrit frontoian erakusketa mustuz hasi zen, eta han bertan despedituko dute. Altsasuko Iortia kultur gunean gaurtik abenduaren 31ra arte ikusgai izanen da, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 17:30etik 21:00etara.