Auzobidek parkea izango du

Guaixe 2017ko abe. 4a, 11:55
Langileak Auzobideko plazako lanetan ostegunean.

Txirinbulo Haur Eskolaren lanak egin eta gero libre geratu den eremuan egiten ari dira parke berria.

Altsasuarrek parke berria izango dute aurki. Auzobide kalean egiten ari dira parke berria, Txirinbulo Haur Eskolaren lanak egin eta gero libre geratu den eremuan. 852 metro karratuko espazioa hartuko du parke berriak, hegora emanen du eta Bargagaineko ikuspegi ederrez gozatzeko aukera izanen da bertatik.

Obrak aurreko astean hasi ziren eta 75.131 euroko aurrekontua dute eta diruzaintzako gerakinarekin ordainduko da. Gogoratu, abuztuan Udalaren gerakina 1.793.173 eurokoa zela.  Promociones y pavimentaciones Balgorza enpresa da lanen ardura duena. Eremuan dauden 6 zuhaitzak errespetatuko dira eta zoruan baldosak eta lorategia tartekatuko dituzte. Bukaeran, 5 banku jarriko dituzte.

Tokiko Inbertsio Planeko proiektuak martxan
Nafarroako Gobernuak 2017-2019 Tokiko Inbertsio Planean Altsasuko hainbat lan jaso ditu. Eta hain zuzen ere, lan horiek aurrera eraman ahal izateko, edo, hobeto esanda, lan horien erredakzioa egin ahal izateko, Altsasuko Udalak aurrekontuetan hainbat aldaketa onartu zituen pasa den asteko azken osoko bilkuran. Aipatu erredakzio lanek Tokiko Inbertsio Planaren diru-laguntza partziala dute, eta gainontzekoa udalak ordainduko du, diruzaintzako gerakinarekin.

Batetik, argiteria publikoa berritu nahi da, bi fasetan. Lehen tarte batean Beikolar, Ibarrea, Ameztia, Intxostia, Altsasuko Institutua, Zubeztia, Beheko Benta, Ondarria eta Gurutzeko Bidean egingo da berritzea, eta bigarren fasean Txunkain, Zumalakarregi Plazan, Santa Kruzen eta Foru plazan. Led argiak dira jarri nahi direnak, energian aurrezteko. Proiektuaren erredakziorako 4.692,98 euro bideratzea erabaki zuen Udalak.

Tokiko Inbertsio planak diruz lagunduko duen beste lan bat Altsasuko Amaia eta Bakea kaleen sareen berritzea eta kanalizazio eta pabimentazio lanak dira. Proiektua egiteko 35.517,76 euro bideratuko dira. Hirugarrenik, Isidoro Melero eta Ermita kaleetan ere sareen berritze eta kanalizazio eta pabimentazio lanak eginen dira. Kasu honetan, erredakzioa egiteko 27.790 euro bideratuko ditu udalak.

Laugarrenik, Altsasuko udaletxean oztopo arkitektonikoak gainditzeko lanak eginen dira, igogailua jarriko da eta komunak berrituko dira. Lanak 2018an egitea aurreikusten da eta proiektuaren erredakzioa egiteko 5.350,73 euro bideratzea erabaki zuen udalak. Horretaz gain, udaletxeko teilatua konponduko da, filtrazioak ekiditeko. Proiektu honen erredakziorako zenbatekoa agorrilean egindako plenoan zehaztu zen: 2.968,34 euro.