Txakur-jabeendako ohartarazpena

Guaixe 2017ko abe. 11a, 11:56

Jaso gabeko txakurren kakek eta animaliak solte egoteak altsasuarren kexak eragin dituzte eta udalak bandoa zabaldu du

“Altsasuarren eta txakurren arteko bizikidetza bermatzen duten oinarrizko arauak errespetatzea da” ordenantzan jasota dagoena betetzea. Hala azaldu du bando bidez Javier Ollo Martinez alkateak. Animaliak edukitzearen gaineko 2006ko ordenantzako bi artikulu nabarmendu du alkateak. Lehenik, 20.a, zeinetan esaten den: “Altsasuko herriguneko eremu publiko guztian txakurrak ibiltzeko katez edo uhalez loturik egon beharko dute, kontrolatzeko gauza den norbaitek gidaturik. Animaliak josta daitezen, aipatu eremuetatik aske ibiltzea onartuko da, baina beti beharko dute arduradunen bat inguruan haiek kontrolatuko dituena”.

Bestetik, ordenantzako beste atal bat gogorarazten du bandoak: “txakurrekin ibiltzen diren pertsonek galarazi behar dute haiek kaka egitea espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz pribatuko beste edozein elementuren gainean, herritarrak ibiltzeko edo jolasteko baitira. Txakurra daramana behartuta dago animaliak aipatu tokietan utzitako gorozkiak hartu eta eramatera”.

Udaletik gogorarazi da aurreko bi puntuak ez betetzea hutsegite arina dela eta, horregatik, 60 eta 150 euro arteko isuna jarri daitekeela. Hutsegite arin bat errepikatzen bada, arau-hauste larri bat litzateke eta horrek 150 eta 1.500 euro arteko isunak dauzka.