Haur eskolarendako diru-laguntza

Guaixe 2017ko abe. 11a, 14:25

0 eta 3 urte arteko haur hezkuntzako zentroetan hobekuntzak egiteko Hezkuntza Departamentuak 13 udali 93.754 euroko diru-laguntza eman die. Baziren sei urte foru administrazioak halako deialdirik egiten ez zuena eta dirua jasoko dutenen artean Altsasuko Udala sartu du. Txirinbulo haur eskolako galdara gela egokitzeko 8.359,95 euroko (BEZa kanpo) inbertsioa egin zuen udalak eta departamentuak % 65eko diru-laguntza eman dio, 5.433,97.

Altsasuko Udalak Txirinbulo haur eskolako beste bi lanetarako eskatu zituen laguntzak. Alde batetik, patioaren azalera handitzeko. Eskaera hori erreserban utzi du departamentuak. Beste udalen batek bere inbertsioa eginen ez balu Altsasukoak 9.676,11 euroko (BEZ kanpo) lanengatik 6.289,47 euro jasoko lituzke. Azkenik, Txirinbuloko lehen solairuko fatxadako leihoak kendu, tarteak itxi eta fatxada pintatzeagatik egindako eskaera ez diote onartu Altsasuko Udalari.