Ur, txakur sudur finena

Guaixe 2017ko abe. 13a, 17:53

Txakur sustantzia-detektatzaileen Espainiako lehiaketa irabazi du Biak Bat elkarteak trebatutako animaliak

Josu Mendezen Ur border colliea da txakur sustantzia-detektatzaileen Espainiako lehiaketako irabazlea. Ostiralean sailkapen txandak jokatu ziren eta larunbatean finalak. Salamancan izan zen eta bertan 30 txakurrek parte hartu zuten, bai herritarrenak baita polizienak ere. Txapelketa horretan sustantzia oso desberdinak atzemateko txakurrek duten gaitasuna neurtu zen. Beti ere, euren gida edo trebatzaileekin aritu ziren

Lehiaketan hainbat sustantzia opatu behar zituzten txakurrek, ahalik eta azkarren. Bost proba zeuden, esaterako, zedro, salbia edo iltze olio naturalak opatzea. Sustantzia zutik zeuden paperezko poltsa handi batzuetako ertzean zeuden, edo motor batean. Txakurrak usaina atzematen duenean, usaina darion puntuan jarri behar du sudurra eta zenbait segundoz geldi mantendu behar da. Baina bilaketa horretan trebetasun teknikoa ere kontuan hartzen dute epaileek.

Biak Bat
Mendezek eskarmentu handia du txakurrak trebatzen, ez baita alferrik Biak Bat elkarteko kidea. Irabazi asmorik ez duen erakunde horren egitekoa da pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, batetik, animaliek lagundutako terapiak egiten dituzte, esaterako, autismoa, down sindromea, buru-paralisia, adin handia duten pertsonekin eta bestelakoekin. Ikastetxeetan eta mota askotako ospakizunetan ere erakustaldiak egiten dituzte.

Bestetik, laguntza-txakurrak trebatzen ditu Biak Batek. Bereziki txakurrekin lan egiten du. Haiek trebatzen dituzte, esaterako, autismoa duten haurrendako edo ezgaitasun fisikoren bat duten pertsonendako, autonomia pertsonal handiagoa izan dezaten. Baina Biak Baten jarduna harago doa eta, berak sustatuta, 2015ean Nafarroako Parlamentuak Asistentzia Txakurren Legea onartu zuen. Hark ezgaitasunen bat duten pertsonek laguntza txakurrekin edonon ibili eta egoteko aukera ematen du.