Altsasuko San Silvestre zikloturista martxarako izena ematea zabalik

Guaixe 2017ko abe. 14a, 15:14

Aurretik izena ematen dutenek saski ederra jasoko dute opari. Egunean bertan izena ematen dutenek, aldiz, kamiseta

Berrikuntzekin dator Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako XXXV. San Silvestre zikloturista martxa-Urbasako igoera. SDAko txirrindularitza arduradun Felix Mazkiaranek aipatu digunez, Altsasuko urte bukaerako proba ez lehiakorrak 35 urte beteko ditu aurten eta, horregatik, zehozer berezia egin nahi izan dute. “Gure San Silvestreak 35 urte beteko ditu aurten. Uste dugu estatu mailan antolatzen den txirrindularitza proba bakarra dela, normalean San Silvestreak korrikan  egiten baitira. Urteurren berezia denez, eta txirrindulariei euren fideltasuna eskaintzeko, Conservas del Reynorekin elkarlanean zerbait berezia egitea erabaki dugu” adierazi du Mazkiaranek. Horrela, Altsasuko San Silvestre zikloturista martxarako izena aurretik emateko aukera eskaini dute, lehenengoz. SDA klubaren web orriaren bitartez -www.sdalsasua.com– eman daiteke izena, aurretik, edo, bestela, sdalsasua@gmail.com epostaren bidez. 18 euro ordaindu beharko dira SDAko kontu korrontean (ES61 2100 3729 2222 0010 9899) eta aurretik izena ematen duten txirrindulariek, trukean, Conservas del Reynoko saskia jasoko dute, 45 euroko balioa duena. “Opari polita dela pentsatzen dugu” gaineratu du Mazkiaranek. Bestela, probaren egunean bertan izena emateko aukera dago. Kasu horretan, inskripzioa 10 eurokoa izango da eta txirrindulariek kamiseta jasoko dute opari.

Altsasutik Urbasara
Aurreko urtean arratsaldetik eguerdira aurreratu zuten Altsasuko San Silvestre zikloturista, eta guztiz asmatu zutela azaldu digu Mazkiaranek. “Eguerdian izatean, parte-hartzea handitu egin zen. 105 txirrindularik hartu zuten parte. Aurten ere horrela egingo dugu, abenduaren 31n aterako dira txirrindulariak, 12:00etan. Olaztiraino taldean joango dira eta gero, Urbasaraino igoko dira, bakoitza bere erritmoan. Urbasa gainean, salda beroa izango dute zain. Gero, Sociedad Deportivako Altsasuko egoitzan oroigarriak banatuko ditugu: aurretik izena emandakoei saskiak eta egunean izena eman dutenei kamisetak” aipatu digu Mazkiaranek. Goizean txirrindula proba ez lehiakorra izatean eta, arratsaldean, San Silvestre atletismo proba, egun osoan giroa egingo dela nabarmendu du altsasuarrak. “Lehen guztia arratsaldez pilatzen zen. Orain, egun osoan dago zertaz gozatu. Bi probak egiten dituzten pertsonak ere badaude, eta, horrela, lasaiago izango dute bietan aritzea” nabarmendu du SDAko kideak.