Gorrotxategirekin literatur-hizketaldia

Guaixe 2017ko abe. 17a, 12:29

Miren Gorrotxategi idazlea asteartean Altsasun izanen da, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEK-ko Itsasi euskaltegiak eta Sakanako Mintzakidek gonbidatuta. Idazle azpeitiarrak joan den urtean 33 ezkil (Elkar) liburua argitaratu zuen eta astearteko hitzordura joaten direnek hura irakurrita joatea komeni da, haren inguruko literatur-hizketaldia izanen delako 09:30etik aurrera Iortia kultur gunean.

Gorrotxategiren aurreneko eleberriaren abiapuntua aurkikuntza bat da: Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat topatu du lurperatuta. Berehala kalean bizi den Nestor semeari jakinaraziko dio, baita hark Berta andregai ohi arkeologoari ere; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hortik aurrera, berriz, hildako gehiago, eta misterioa gero eta ilunago. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote barruko konpondu ezinak, droga, jokoa… Osagai horiek eta gehiago topatuko dituzu eleberri beltz honetan.