Zuhaitz argituaren azpian urdaiazpikoak

Guaixe 2017ko abe. 15a, 12:55

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak Azarokotea kanpaina itxiko du gaur. Azaroaren 11tik elkarteko kide diren 48 establezimenduetakoren batean erosketa egin dutenek euren datuekin txartela bete dute eta hura 48 urdaiazpikoren zozketarako balio izan du. Sariak, urdaiazpikoak, gaur 21:00etan banatuko dituzte Altsasuko Foru plazan.

Aurretik, 20:00etan, Altsasuko Dendarien Elkarteak eta Alde Zaharreko Tabernen Xurrut elkarteak antolatuta, elkartasunezko txokolate-jana izanen da. Txokolate beroa euro erdiaren truke banatuko da eta jasotako guztia Mila Kolore elkartearendako izanen da. Ondoren, eguberri argiak piztuko dira   intxaurrondoan.

Azarokotea
Eguberri erosketak ibarrean bertan egin daitezkeela nabarmentzeko eta Sakanako establezimenduetan aukera zabala eta kalitatezkoa dagoela nabarmentzeko kanpaina da Azarokotea. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak “ibarrean erosiz Sakanako ekonomiari eta herriak bizirik mantentzeari bultzada” ematen zaiola gogorarazi du.