Los del Rayo, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatzak jotzeko eta abesteko modu desberdinak dituzte. Batzuen gitarrak eta baxuak, besteen haize instrumentuak eta bestelakoak eta abesbatzaren ahots ugaritasunak bat egin dute Los del Rayo sinfonikoa kontzertu bikoitzerako. Hirurek nork bere publikoa duela aitortuta ere, elkarrekin aritzeak publiko desberdina erakarriko du emanaldira eta Los del Rayo, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza ezagutu dituzte.
Rock taldeko gitarrak, Peio eta Leo, bandaren Queenen omenezko emanaldietan parte hartu zuten 2013ko abenduan eta 2014ko ilbeltzean. “Emanaldi haien ondoren, erdi txantxetan erdi serio, noizbait elkarrekin zerbait egiteko aukera aipatu zuten. Pixkanaka ontzen joan zen eta “kontu serio baten mustutzearen bezperan gaude jada”, azaldu digu Juankar Aguilerak, Los del Rayoko abeslariak.
Haize Berriak bandako kide den Gotzon Urritzolak aitortu digunez, “guri musika desberdinak batzea gustatzen zaigu. Haize Berriak bandak gauza desberdinak egin ditu. Entzuleei ezustekoak ematea gustatzen zaigu. Zuzendariak banda-kideok ere harritzen gaitu”. Urritzolak esan digu Altsasuko rock taldeen artean esanguratsuenetako bat dela Los del Rayo. Sakanako egile askoren obra bandarako ere egokitu du. Baina estreinakoa aldia da rock taldea baten lana bandarako egokitzen dutena.
Erkudengo Ama abesbatzako zuzendari Inma Arroyok esan digunez, Los del Rayo taldeko kide bat jo zuen proposamenarekin haiengana: “Sakana maitia emanaldian entzun gintuen. Ideia taldean aspaldi omen zutela eta gurekin eta bandarekin zerbait egin nahiko luketela”.
Prozesua
Proiektu honekin duela bi urte hasi zirela azaldu digu Urritzolak. Bai abesbatza, bai banda, bai rock taldea “bakarka kantak prestatzen sei bat hilabete daramagu. Duela hilabete hasi gara entsegu orokorrak egiten, guztia ontzeko” esan digu Aguilerak. Los del Rayoren kantak izanik haiendako “errazago” izan dela aitortu digu abeslariak, “nahiz eta batzuetan moldaketak egin ditugun. Baina, bai, lan gogorrena bandarena eta abesbatzarena izan da”.
Hiru musika erakundeak kontuan izanda eszenan 75 bat pertsona izanen dira. Bandarendako eta abesbatzarendako hori ez da arrotza. “Ongi moldatu gara” dio Urritzolak. Hirurak elkartzeko Iortia kultur gunean elkartu dira entseatzeko. “Guretako nahikoa ikusgarriak izaten ari dira entseguak. Rock and rollera ohituta, zure burua banda batekin, zuzendari batekin, abesbatza batekin ikustean, hasieran errespetua sortzen zigun. Integratu gara” dio Aguilerak.
Entzunen denaz
Ibilbide luzea du Los del Rayok eta kantu sorta ere halakoa da. Aguilerak emanaldirako aukeraketa nola egin duten azaldu digu: “kantu indartsuagoak eta erritmo ertainekoak ditugunez, akustikoa edo melodikoa izan zitekeena aukeratu dugu, bai disko zaharretakoak nola berrikoak”. Urritzolak azaldu digu taldeak proposatu zituela, hiruen artean adostu eta aurrera egin dute.
Los del Rayo taldearen kanten moldaketak eta partiturak egin behar izan dituzte. “Hori profesionalek egiten dute”. Oraingoan Jesus Mari Beltza, Iñaki Ramos eta Alberto Gonzalez Urrotz arduratu dira moldaketez. Partiturak “aspaldi” jaso zituztela esan digu Arroyok eta “guretako zailenak direnekin hasi ginen, errazagoak zirenak azkenerako utziz”.
Biharko emanaldirako honako piezak eskainiko dituzte: Sangre en la pared, El guardián de tus errores, Preso en tus besos, No te puedo olvidar, Inocente pubertad eta Quiero decirte. “Jende gehienak ezagutuko ditu. Taldearen ibilbideko ikurrak dira” esan digu Urritzolak.
Emaitzarekin pozik
“Lana da, zaila da”. Nekea bai, baina hiru musika taldeetako kideak “gozatzen, oso ongi pasatzen” ari direla esan digu Urritzolak, “elkarrekin gauza majo bat ateratzen zaigula ikusten dugulako”. Emanaldirako “ilusio ikaragarria dutela jakinarazi digu Arroyok. Bandako kideak jakinarazi digunez, hiru musika eragileek kontzertuan zehar “luzitzeko” tarteak izanen dituzte. Jakina, Los del Rayorendako dira “une gorenak”.
Sonoritateaz galdetuta, abesbatzako zuzendariak esan digu “arraroa, bada ere, oso gauza ederra” dela. “Desberdina da. Los del Rayoren betiko kantak, bandaren parte sinfonikoarekin eta koralarekin. Emaitza bitxia, interesantea eta entzuteko guztiz ederra da”. Urritzolak gaineratu duenez, “oso ongi gelditzen da rock abeslariaren ahotsa eta abesbatza biltzen direnean”. Eta Juankarrek pentsa du “jendea pozik joanen dela, emaitza ikusgarria delako”.
Los del Rayo
Altsasuko auziaren inguruko La gran mentira kantua grabatu du berriki taldeak. “Altsasurendako opari bat da. Familia horiek laguntzeko”. Altsasuko Gurasoak saltzen ari dira haren kopiak. Kantu hori ere entzunen da biharko emanaldietan. Aguilerak jakinarazi digunez, azken hilabeteetan kontzertua prestatzen aritu dira. Haiek pasa eta gero entsegu lokalean entseatzen segituko dute. Dagoeneko bospasei kantu berri dituzte. Datarik ez, baina diskoa argitaratzea dute buruan.