Udala Aita Barandiaranen egoitzako langileen egoera aztertzen ari da

Guaixe 2017ko abe. 23a, 10:18

Altsasuko Udalarena da Aita Barandiaran adinduen egoitza. Azaro akaberan langileek eta LAB sindikatuak “egoera prekarioa eta neurrigabeko lan karga” salatu eta udalari lan hitzarmena negoziatzeko eskatu zioten. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, egoitzako Errektoretza Batzordean ari dira langileen eskaerak aztertzen. Alkateak azaldu duenez, “azken hilabeteetan lanaren berrantolaketa egin da, langileen lanak arintzeko”. Ollok esan duenez, “pertsona gehiago kontratatzeko edo asteburuan laguntza ematen duten langileen lanorduak handitzeko lege- eta ekonomia-txostenak aztertu behar ditugu, legalki hori egin dezakegun jakiteko”.

Egoitzako langileek salatu zutenez, “gaur egun dugun ingresatu kopurua eta haien profilak ezinezko egiten du dugun langile kopuruarekin kalitatezko arreta bat ematea”. Gaineratu zutenez, “egoera are larriagoa da asteburuan, langile kopurua murritzagoa denean eta arreta behar duten pertsonak berdinak direnean”.



Bi aldarrikapen egin dituzte: astebururako langile gehiago kontratatzea eta udala lan hitzarmen berria negoziatzera eser dadila.