Soinu berria Los del Rayorendako

Guaixe 2017ko abe. 19a, 19:22

Altsasuko rock taldeak bere kantuak formatu eta soinu berriarekin eskaini zituen larunbatean. Hori posible izan zen Haize Berriak bandari eta Erkudengo Ama abesbatzari esker. Hiru taldeak Iortia kultur guneko oholtza partekatu zuten rock-zaleen piezetan oinarritutako kontzertua eskaintzeko: Los del Rayo sinfonikoa.  

Emanaldiak bi zati izan zituen. Aurrenekoan Los del Rayok Sin alas para volar, Amores prohibidos (mexikar ikutuarekin), Maldita soledad (Pablo Bengoetxeari eskainita) eta La gran mentira. Azken kantu hori Altsasuko auziko gazteen familiei eskainita dago eta haietako hiru taldearekin batera aritu ziren: Gotzon Urritzola (saxofoia), Antxon Ramirez de Alda (bonbardinoa) eta Amaia Amilibia (bonbardinoa). Los del Rayok hasierako tarte horretan Leire Aiestaranen (akordeoia) eta Aintzane Diazen (ahotsa) laguntza izan zuen. Azken hori gero ere ariko zen.

Bigarren zatia hasteko Haize Berriak bandaren laguntza izan zuten eta harekin Preso en tus besos kantatu zuten. Behin Erkudengo Ama abesbatza eszenara sartu ondoren, guztiek batera, Quiero decirte (Patxik bere alabari eskainia), Inocente pubertad, El guardiain de tus errores eta Sangre en la pared kantuak abestu zituzten. Hiru musika taldeekin batera Jorge Cordonek pianoa jo zuen pieza pare batean. Javi Galeanok emanaldiak lau kamerarekin grabatu zituen. Soinu mahaiko audioa ere grabatu zen eta ikus-entzunezkoren bat sortzeko aukera ez dute baztertzen.  

Los del Rayo, historia laburra
Joan den mendeko 80. hamarkada erdialdean musika taldeek ez zuten entsegurako lokalik. Horren berri izandik, Pablo Bengoetxeak bi talderi esan zien Baikolarko bere pabiloian aritu zitezkeela. Eta musikariak haren izkin bat bereganatu zuen. Ez zuten alokairurik pagatu beharrik, tarteka Bengoetxearekin merenduren bat, karta partidak eta beste.

Han bi talde Mala Conducta taldeko kide ziren Pablo eta Jose Gasco, Isaac Landa, Javi Martin eta Alonso Davila. Detrituseko kideak, berriz, Patxi El Negro, Bustamante eta Leo Fernandez. Alonso (bateria) eta Leo (gitarra eta koroak) estalian elkartzen hasi ziren, jotzeko, hitz egiteko. Haiek izan ziren Los del Rayoren hazia taldea Patxik (ahotsa) eta Josek (baxua) osatu zuten. Taldea 1988an edo 1989an sortu zen bi taldeetako kideak batuz.

Iruñeko Arion estudioetan maketa grabatu zuten. Motor 600 izena hartu behar zuen taldeak. Baina izen hori hartua zegoenez, grabaziotik herrira bueltan Los del Rayo izena otu zitzaien. Maketak Oihuka diskoetxeko atea zabaldu zien eta 1989an Por la cara diskoa argitaratu zuten.

1991ko abenduaren 18an Miedo al miedo diskoa argitaratu zuten (Gor). Enrique Villareal, El Drogas, izan zen ekoizleak eta taldearen zuzeneko soinu gogorra diskoan islatuta utzi zuen. Telebistako musika saioetan agertu ziren eta Barricadaren teloneroak izan ziren ere. Los del Rayo1993-94an desegin zen, kideetako batzuk seme-alabak zituzten, beste eginkizun batzuk zituzten besteek.

Zazpi urteko etenaren, Patxi gabe, taldea Altsasuko gaztetxeko oholtza gainera igo zen 2010eko lastailaren 20an. Horrek ondoren kontzertu gutxi batzuk gehiago ekarri zituen. Baina Los del Rayo indarraz kargatzen joan zen eta Juan Carlos Aguilera abeslaria batu zen taldera. 2014ean eskarmentu handiko beste gitarra jole bat batu zitzaien: Pello Diaz (Jesse James Band, The Reventones). Kanpoan bizi den Patxik bere letrekin laguntzen du taldea. 2015eko apirilaren 15ean sei kantu zituen Gggrrroocarrolll en dosis chikitas lanarekin bueltatu ziren. Sin alas para volas (Gor) disko luzea 2016ko apirilaren 19an argitaratu zuten.