Urteko aurreneko eguneko goizaldean Sakanako hainbat herrietan zabalduko den errepika da Ur goiena, ur barrena kantuarena. Sakanako herri kantuaren izenburua Olatz Zugastiren azken diskoaren titulua (2015, Elkar) bada ere. Bizitzari eta gure herriari buruzko gogoetez betetako 13 kantuk osatzen dute lan hori eta bi dira Zugastik sortu ez dituen letra: Pako Aristiren poema bat eta Resureccion Maria Azkue antropologo eta folkloristak Urdiainen jasotako urte zahar gaueko kantua. Zugastik diskoa aurkeztu zuenean Ur goiena, ur barrena kantuaz esan zuen: “oso irudi politak dauzka, gure imajinarioaren, euskal imajinarioaren, parte agertzen da bertan”.
Zugastik kantatzearekin batera harpa jotzen du. Eta kantu iradokitzaileak emateko aldamenean lau musikari izanen ditu: Julen Alonso (akordeoia eta teklatuak), Ander Ederra (gitarra akustikoa), Joanes Ederra (baxua) eta David Gorospe (bateria). Baina Zugastik Altsasuko emanaldian laguntzaile gehiago izanen ditu: Iñigo Aritza ikastolako DBHko 17 ikasle kantuan ariko dira berarekin, baita Erkuden Flores irakaslea ere, bi piezatan biolina joko duena.
Elkarlanaz
Floresek azaldu digunez, garilean jaso zuten kontzertua emateko proposamena. “Ikastolekiko sentsibilitate handia du”. Eta gogora ekarri du Zugastik Gau hotzenean ere diskoan argitaratutako Bizirik gaudelako kantua, “ikastolak herriari (bera sortu duen herriari) egiten dion amodio kantua” Zugastiren hitzetan. “Berak proposatu zigun ikasleek kontzertuan parte hartzeko aukera ere. Antza, Kilometroak festaren kontura ere antzeko emanaldiren bat egin izan du”. Iñigo Aritza ikastolak baiezkoa eman zion proposamenari, “euskal kantuak lantzeko modua izateaz aparte, ikastolaren balioekin bat egiten duelako”, argitu digu irakasleak.
Kantariarekin izandako hartu-emanetan zehaztu zituzten zein kantu landuko zituzten ikasleek. “Abestiaren hezurdura indartzen ariko dira ikasleak kantari, duoak, bigarren ahotsak eta bestelakoak egiten”. 30eko emanaldia behar bezala prestatzeko, lehenik, atsedenalditan elkartzen hasi ziren. Bultzada eman behar ziotela eta astelehen arratsaldeetan entseatzen hasi ziren ere. Azkenik, euren eta Zugastiren ahotsak egoki uztartzeko elkarrekin hamabostean behin entseguak egiten hasi ziren. Etorkizuna dantza taldean aritzen diren ikastolako dozena erdi ikaslek ere parte hartuko dute emanaldian. Zugastiren kantu baten doinura dantzatuko dute Iñaki Agirrek propio sortutako koreografia. Emanaldia Nafarroa Oinezen aurreko kultur programazioaren barruan dago.
Egileaz
Olatz Zugasti abeslari eta harpa jotzailea da. Benito Lertxundiren disko guztietan parte hartu du 1981. urteaz geroztik, zenbait kantu konposatu ditu kantari oriotarrarentzat, eta haren zuzeneko taldeko kidea da. Bakarlari gisa, bere harrobitik sortutako kantuak eta euskal herri kantuak jorratu ditu, bost diskotan: Kantu baten bila nabil (1991, Elkar), Bulun bulunka (1998, Elkar), Elearen lainoa (2002, Elkar), Gau hotzenean ere (2010, Elkar) eta Ur goiena, Ur barrena (2015, Elkar). Orioko Herri Ikastolan sortu zuen Olaxka taldeko zuzendaria da, eta hainbat urte eman zituen munduko herri musikei buruzko Kantaita saioa aurkezten Euskadi Irratian.