Altsasuko Udalak 2014az geroztik ez ditu zergak ukitu, baina “KPI positiboa da gaur egun eta errealitatearekin bat egiteko” udalak zergak % 1,5 igoko ditu heldu den urterako. Tasa eta prezio publikoen igoeran salbuespena zinemako sarrerak izanen dira, aurtengo berak mantentzen baitira. Hala onartu zuen Altsasuko Udalak astelehenean egindako bilkuran.
Bestalde, urte berriarekin batera katastro-balioaren eguneratzea indarrean sartuko da, 2002tik berritu gabe baitzegoen. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zuenez, “orokorrean eraikinen balioa handitu egiten da eta eraiki gabeko ondasunen balioa jaitsi egiten da. Baina udalak 2018an aurtengo diru kopuru bera bildu ahal izateko hiri- eta landa-lurren gaineko kontribuzioak jaitsi egin ditu. Aurrerantzean ondasun guztiei % 0,3176 tasa ezarriko zaie.
Udal bilkura berean 2018ko zerga-ordenantzak eta Aita Barandiaran adinduen egoitzako kontzertatu gabeko plazen prezioak onartu dira. Azken horiek, udalaren gainontzeko zergen modura, % 1,5 igoko da. Azkenik, Udal Musika eta Dantza Eskolarako pianoa erosteko 5.000 euro bideratzea erabaki zuen udalak.
Bestetik, aldi baterako Berdintasun, Gazteria eta Kirol sailetarako administrazio-laguntzaile bat kontratatzeko udal deialdia argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak astelehenean.
Aldaketa
Azaroaren 27az geroztik Jose Luis Moran Goazen Altsasuko zinegotzia da. Zerrendan hirugarrena zenak Pedro Jose Arregi Mugikari hartu zion lekukoa, azken horrek “arrazoi pertsonalengatik” ardura utzi ondoren.