San Silbestrea, txirrindulan

Guaixe 2017ko abe. 26a, 10:25

Abenduaren 31n, 12:00etan, XXXV. San Silvestre Zikloturista Martxa antolatu du SDAk. Aurretik izena ematen dutenek saski ederra jasoko dute opari. Egunean bertan izena ematen dutenek, aldiz, kamiseta

Aurten 35 urte beteko ditu Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako XXXV. San Silvestre zikloturista martxa-Urbasako igoerak. “Uste dugu estatu mailan antolatzen den txirrindularitza proba bakarra dela, normalean San Silvestreak korrikan  egiten baitira. Urteurren berezia denez, eta txirrindulariei euren fideltasuna eskertzeko, Conservas del Reynorekin elkarlanean zerbait berezia egitea erabaki dugu” adierazi du SDAko txirrindularitza arduradun Felix Mazkiaranek. Horrela, Altsasuko San Silvestre zikloturista martxan izena aurretik ematen dutenek, 18 euroko inskripzioa eginen dute eta trukean, Conservas del Reynoko saskia jasoko dute, 45 euroko balioa duena. “Opari polita dela pentsatzen dugu” gaineratu du Mazkiaranek. SDA klubaren web orriaren bitartez -www.sdalsasua.com– edo sdalsasua@gmail.com epostaren bidez eman daiteke izena.
Bestela, probaren egunean bertan izena emateko aukera dago. Kasu horretan, inskripzioa 10 eurokoa izango da eta txirrindulariek kamiseta jasoko dute opari.

Altsasutik Urbasara
Aurreko urtean arratsaldetik eguerdira aurreratu zuten Altsasuko San Silvestre zikloturista, eta guztiz asmatu zutela azaldu digu Mazkiaranek. “Eguerdian izatean, parte-hartzea handitu egin zen. 105 txirrindularik hartu zuten parte. Aurten ere horrela egingo dugu, abenduaren 31n aterako dira txirrindulariak, 12:00etan. Olaztiraino taldean joango dira eta gero, Urbasaraino igoko dira, bakoitza bere erritmoan. Urbasa gainean, salda beroa izango dute zain. Gero, SDAko Altsasuko egoitzan oroigarriak banatuko ditugu: aurretik izena emandakoei saskiak eta egunean izena eman dutenei kamisetak” aipatu digu Mazkiaranek. Goizean txirrindula proba ez lehiakorra izatean eta, arratsaldean, San Silvestre atletismo proba, egun osoan giroa egingo dela nabarmendu du altsasuarrak. “Lehen guztia arratsaldez pilatzen zen. Orain, egun osoan dago zertaz gozatu. Bi probak egiten dituzten pertsonak ere badaude, eta, horrela, lasaiago izango dute bietan aritzea” nabarmendu du SDAko kideak.