Altsasuko Saskibaloi Taldeak, CBASK-ek, Gabonetan egin ohi du bere taldeen aurkezpena. Aurten ere horrela izango da. Zehazki, abenduaren 30ean izanen da, larunbatarekin, Altsasuko Zelandi kiroldegian. Aurkezpen ekitaldia Juanjo Marin Memorialaren barruan antolatu dute. Gogoratu beharra dago Juanjo Marin saskibaloi jokalari altsasuarra zela eta istripu batean zendu zela. Ordutik urtero haren aldeko ekitaldia antolatzen du CBASK klubak. Aurten, Juanjo Marin Memoriala egun osoko ekitaldia izanen da. Goizeko 11:00etan hasiko da, Gorka Nuñezek entrenamenduei buruz eskainiko duen hitzaldi batekin. Arratsaldean, aldiz, 16:00etatik aurrera hasiko dira ekitaldiak. Lehenik eta behin, CBASK-ek dituen talde guztien aurkezpena eginen da Zelandi kiroldegian. Ondoren, Garabatos taldeak kontzertua eskainiko du eta 18:15etik aurrera, Nafarroako Saskibaloi Federazioko Gizonezkoen 1. Senior Autonomiko mailako partida jokatuko dute CBASK-ek eta Payvi tabernak.
Juanjo Marin Memoriala gauzatu bitartean, arratsaldean, CBASKen hainbat laguntzaile eta kolaboratzailek emandako produktu ezberdinak zozketatuko dira.
CBASK gizonezkoen seniorra
CBASK gizonezkoen senior taldeak Nafarroako Saskibaloi Federazioko Gizonezkoen 1. Senior Autonomikoko mailan jokatzen du. Asteburuan atseden jardunaldia izan zuen. Sailkapenean Liceo Monjardin F taldea doa buruan (19+9 puntu). CBASK-ek denboraldi bikaina darama eta sailkapenean hirugarrena da (16+8 puntu). Ligako hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 13an jokatuko dute, Tafallan, sailkapenean 10.a den Escaleras Aguerri taldearen kontra, 18:30ean. Juanjo Marin Memorialean Payvi tabernaren kontra jokatuko duten partida entrenamendu bikaina izango da altsasuarrendako.
CBASK-Juanjo Marin Memoriala
Abenduaren 30ean, Altsasuko Zelandi kiroldegian
11:00: Hitzaldia: Entrenamiento de la condición física en cancha en edades de formación (Gorka Nuñez).
16:00: CBASK taldeen aurkezpena.
17:15: Garabatos taldearen kontzertua.
18:15: Nafarroako 1. Senior Autonomiko mailako partida: CBASK – Payvi taberna