Eguerdia, elur bustia kalean eta udaletxe atean aurtengo kintoak eta haien senideetako batzuk. Eguerdian zen hitzordua eta 12:08an zabaldu dira udaletxeko ateak. Batzargelan sartu dira senideak, ganbazelaian, berriz, kinto guztiak. Neska eta mutil banak aukeratutako aldea eta gero, alkateak airera botatako txanpon batek erabaki du lehenik emakumezkoen zozketa eginen zela.
Udal bilkurako mahaia inguratuz jarri dira eta, ohi bezala, alkateak kartak banatzen hasi da. Kosta zaio barajako lehen erregeari agertzea. Bi itzuli eman behar izan ditu alkateak kartak banatzen eta karta banaketa hasi denetik 3 minutu eta 5 segundo bete direnean Sarabe Goikoetxea Mazkiaranen eskuan agertu da aurreneko erregea. Bigarren buelta despeditzean, 4:07ra, azalerazi du Kima Gallego Gartziandiak bigarren erregea.
Emakumezko buruak aukeratu eta gero, gizonezkoen artean hasi da alkatea kartak banatzen. Neskekin bezala, mutilen batek lehen erregea agertzea kosta egin da. Bigarren itzulian izan da, 2:41ean, Tasio Merchan Fernandezek erakutsi baitu. Karta banaketaren hirugarren itzulia hasi denean atera du bigarren erregea Eneko Vera Sainz.