Isun moduan heldu den "ekonomia-errepresioa" salatua

Guaixe 2018ko urt. 10a, 18:46

Altsasuko isunen taldeak "adierazpen askatasun eskubidea gauzatzeagatik herriak Estatu Espainolaren eskutik jasaten ari dituen erasoak" salatu ditu.  Izan ere garagarrila akaberatik 11 isun jaso dituzte altsasuarrek, 4.000 euroko balioa dutenak. Taldetik jakinarazi dutenez, azken 7 urteetan "isun politikoetan" 45.000 euro inguru eskatu dituzte.

Taldeko kideen iritziz, "buro-errepresioa edo ekonomia-errepresioa herria isilarazteko beste arma bat besterik ez da". Azaldu dutenez, "herri mugimenduak bere denbora diru hori lortzen ematen du, bakoitzak bere lanketa egin beharrean". Onartezintzat jo dute "edozein adierazpenengatik, elkartasuna adierazteagatik edo iritziak kaleratzeagatik isunak jasotzea".

Isun gehienak gazteek jaso dituztela gaztigatu dute. Taldearendako horrek "agerian uzten du herri mugimendua eta herria bera itzali nahi dituztela". Azkenik azaldu dute "isun politikoak" jasotzen dituztenek isunak-altsasu@gmail.com e-posta helbidearen bidez laguntza eskatu dezakeela.

Azken 11 isunak
Altsasuko auziagatik hiru gazteak preso zeuden espetxera martxa egin zen garagarrilaren 3an; beharrezko baimenak eskatu zituzten horretarako. Haren ondorioz bost isun jaso zituzten altsasuarrek. Arrazoiak: suzirien hondakinak uztea edota “gaizki” aparkatzea. Auzi berean auzipetutako zortzi gazteendako fiskaltzak 375 urteko espetxe zigor eskaera egin zuela jakin zen egun berean manifestazioa egin zen espontaneoki eta hark bi isun ekarri zituen.

Herriko festetan herri mugimenduak deituta manifestazioa egin zen eta “herriko beste ekintzak ez oztopatzeko” ibilbide zatitxo bat aldatzeagatik beste isun bat jaso zuen altsasuar batek. Aldi beran, Altsasukoak Aske herri plataformaren pankartak jartzeagatik bi isun jaso ziren. Aurrena Guardia Civilak udalari jartzea eskatu ziona, “ustez Urbanizazio Foru Lege bat ez betetzeagatik”. Taldeko kideak alkatetzarekin kritiko azaldu dira, “urteak salatzen eman dugun errepresio burokratikoan parte hartzeagatik. Udal denuntzia horren ondorioa Guardia Civilak desobedientzia egotziz bigarren isuna jarri izanda da”. Azkenik gogorarazi dute San Ferminetan Altsasukoak Aske kamiseta eramateagatik beste isun bat jarri ziola gazte bati Polizia Nazionalak. Aurretik, “kamiseta eramateagatik gelditu zituzten, irainduak eta mehatxatuak izan ziren”.