Argiñarizen irudigile ibilbideari errepasatzeko aukera

Guaixe 2018ko urt. 11a, 17:21

Altsasuko Iortia kultur gunean otsailaren 2ra arte; astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 17:30etik 21:00etara

Chuma Argiñarizek marrazkiz eta pinturaz osatutako Momentos erakusketa mustu zuen atzo. Irudigile iruindarrak bere ibilbidean izan dituen etapetako obrak zintzilikatu ditu, "momentu desberdin horietan egindakoaren errepasoa" osatuz. Izan ere, Argiñarizek plastika-adierazpen desberdinak landu baititu. Komiki eta ilustrazioarekin hasi zen, txinatar tintarekin marrazki landua eta xehetasunez betetakoak egin zituen.  Handik kolorera eta mihisera pasa zen eta natura, loreak eta landareak irudikatu zituen; "xehetasunetan entretenitzen nintzen".

Estiloa eta teknika aldatu zituen "une garrantzitsua" izan zuen bere lana "pop-agoa" bihurtuz. Orduan "des-marrazten eta koloreak betetzen" hasi zen, erretratuan eta giza-irudian zentratuz. Beste garai batera salto egin zuen ondoren irudigileak eta bere obrako gaia terrazak, hiriak, portuak eta bestelakoak bilakatu ziren. Horietan Argiñarizek "koadroa osatzen duten elementuak xehetasunez marraztu eta, ondoren, margotzerakoan des-marraztu" ditu.   Ez du baztertu bere obrari etorkizunean "buelta berria" ematea. Baina bitartean orain arteko momentuetan guztietan sortutako lanak ikusgai jarri ditu.