Foruzaingoak jakinarazi duenez, bi gizonezko altsasuar atxilotu zituzten abenduko azken aurreko astean. Lehena 18 urteko gaztea da eta bere bikotekide ohia jo eta mehatxatzeagatik atxilotu zuten. Foruzainek deia jaso zuten herriko erdialdeko kale batean bikote bat eztabaida bizia zuela gaztigatzeko. Haiek iritsi zirenean biekin elkarrizketatu ziren. Emakumezkoa, lekukoak lagun zituela, polizia-etxera joan zen salaketa jartzera.
Atxilotutako beste gizonezko altsasuarrak 31 urte ditu. Berari familia barruan tratu txarrak ematea eta kautela-neurria urratzea leporatu diote. Foruzainek egiaztatu zuten gizonezkoa bikotekide ohiarengandik urrun egoteko agindua ez zela betetzen ari. Horregatik, atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten.
Sexu erasoak edo tratu txarrak pairatzen dituztenek 112 telefonora hots egin dezakete eta protokoloa indarrean jarriko dute.