Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuko hezitzaileen deia jaso dute aste honetan Altsasuko 294 etxetan. Guztiek ere sortzen dituzten hondakin organikoak bosgarren edukiontziaren bidez kudeatzeko izena eman dute eta deia horretarako materiala jasotzera joateko izan da. Iortia kultur gunean da hitzordua. Atzo eta astelehenean egonen dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era.
Bosgarren edukiontzia erabiltzeko izena eman dutenek materia organikoa egoki banatzeko material sorta bat jasoko dute: 10 litroko kubo aireztatua (hainbat ikerketen arabera, usaina ekiditeko hoberena), poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko giltza eta hondakinak ongi sailkatzeko gida berria. Bai atzo bai astelehenean Hondakin Zerbitzuko hezitzaileek altsasuarrei argituko dizkiete edukiontzi marroiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak.
Funtzionamendua
Etxean sortutako materia organikoa, usteldu daitekeena, jaso egin beharko da. Horretarako emanen diete pertza bana eta poltsa konpostagarriak. Izan ere, edukiontzira materia organikoa poltsa konpostagarrietan bota behar da.
Behin poltsa beteta, nahi denean, edukiontzira eraman beharko da. Hura giltzarekin zabaldu eta materia organikoko poltsa, korapiloz itxita, bertan sartu ondoren, edukiontzia berriz itxi egin beharko du erabiltzaileak. Emandako poltsak bukatzen direnean udaletxean jasotzeko aukera izanen dute altsasuarrek. Dendetan erosten badute konpostagarriak direla ziurtatu beharko dute.
240 litroko 140 bat edukiontzi marroi dira Altsasuko kaleetan Mank-eko langileek jarriko dituztenak. Metalezko poste batzuetara lotuta egonen dira. Haiek gaur egun dauden edukiontzien ondoan jarriko dituzte. Mank-eko Hondakin Zerbitzuak astean hirutan jasoko du materia organiko hori: astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan. Edukiontzi marroiko aurreneko bilketa ilbeltzaren 18an, heldu den ostegunean eginen du.
Data hurbildu ahala gero eta jende gehiagok eman du izena. Eta "behin edukiontziak kalean jarrita eta auzokideak edukiontziak erabiltzen ikustean altsasuar dezentek izena ematea espero dugu". Beñat Agirre Bengoetxearen hitzak dira, Hondakin Zerbitzuko hezitzailea da.
Birziklatzean saltoa
Gaika hondakinen % 27 besterik ez da birziklatzen Altsasun. Atez ateko sistema duten herrietan % 80koa da. Mank-ek eta udalak urte akaberarako % 65era iritsi nahi dute. Eta hondakin organikoa egoki bereziz gero helburua lorgarria dela dio.
Agirrek: "etxean sortzen den hondakinen ia erdia organikoa izaten da. Materia organikoa bereizi gabe ezinezkoa da birziklatze tasa altuak lortzea. Organikoa banatuta asko igotzen da birziklapen tasa". Jarritako helburua lortzeko Altsasun dauden 3.767 etxebizitzetatik 2.260k izena eman beharko lukete (% 60).
Arrazoiak
Hondakinak bereizteko lege, ekonomia eta ingurumen argudioak daudela azaldu digu Agirrek. "Ingurumenekoa argi dago, planeta bakarra dugu eta ahal den heinean zaindu behar dugu. Zenbat eta gehiago birziklatu eta berrerabili denondako hobe". Bestetik, Nafarroako legean materia organikoa banatu beharra gogorarazi du. "printzipioz orain boluntarioa da, baina heldu diren urteetan derrigorrezkoa izanen da. Orduan, zenbat eta lehenago pausoa eman, etorkizunean arazo gutxiago". Azkenik, ekonomiari dagokionez, "Nafarroako Parlamentuan lege berria eztabaidatzen ari dira. Hondakindegira joaten den zaborrari tasa bat jarriko zaio. Beraz, hondakindegira zenbat eta gutxiago eraman orduan eta gutxiago pagatuko dugu herritarrek eta Mank-ek".