Ospa! mugimendutik gogorarazi dute hasieratik "okupazio indarren eta hedabideen jazarpena" izan dutela. Baina jakinarazi dutenez, Altsasuko auzia hasi zenetik "gogorki kriminalizatua" izan dela, "Ospa!ren aldarrikapena terrorismoa balitz bezala saltzen saiatu dira, Alde Hemendik aldarrikapenaren zilegitasuna bera kolokan jarri nahian, mugimenduaren kriminalizazioaren bitartez". Jakinarazi dutenez, "Estatuak bere jo-mugan jarri gaitu eta mugimendua ikertzen ari da, legez kanpo uzteko".
Gogorarazi dutenez, Ospak! "edozein jazarpen motari erantzuten dio zapalkuntzarik gabeko Altsasu eta Euskal Herri libre baten bidean. Horregatik gaude arriskuan, mugimendu deseroso bat garelako, zalantzan jartzen dugulako Estatuen funtsezko tresna bat, polizia-indar errepresiboak". Horregatik, mugimendutik "Ospa! eta bere aldarriaren defentsa behar-beharrezkoa" ikusten dute, "etorkizunean etor daitezkeen erasoak salatu nahi baditugu, adibidez, ezin delako onartu Ospa!ren aldarrikapenak zilegi ez izatea".
Mugimendutik gaineratu dutenez, "ulertzen dugu gure praktika eta mezuen inguruan hausnartu eta birpentsatzeko garaiak direla, estrategia krudel horri era kolektibo batean aurre egiteko tresnak sortze bidean". Errepresioak "hamaika aurpegi dituen egiturazko biolentzia" dela ziurtatu dute, eta haren gakoak "beldurra eta kontrol soziala" dira. Errepresioari "aurre egiteko mekanismoak sortzeko behar larria sentitzen" dutela jakinarazi dute eta, ondorioz, Ospa!ren "borroka behar-beharrezkoa" jotzen dute, "gizarte gatazkak eta errepresioak ekarri baitute gure sorrera".