Josefina Arregi klinika ezagutu ondoren sortutako ikuskizuna da Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak sortutakoa. Ahazturaren lorratza izenburua du dantza ikuskariak. Elkarteko Anak eta Anderrek klinikan bertan aurkeztu zuten igandean. Lanaren haria ez zuten asko argitu nahi izan. Hori bai, aurreratu zuten dementzia gaitzak haiek pairatzen dituztenen ikuspegitik eman nahi dituztela alde batetik. Eta, bestetik, emanaldia ikustean gaitzaren eragina pairatzen duten pertsonak identifikatuak sentitzea nahi lukete.
Josefina Arregi klinikaren aldeko ikuskizun hori prestatzen buru belarri ari dira Ortzadarrekoak. Gidoia prest dute eta igandean azaldu zutenez, klinikari "keinua" eginen diote.
Hainbat partaide
Ortzadarrek Gaiarre antzoki iruindarrean emanen duen emanaldian partaide ugari izanen dira oholtzan. Alde batetik, elkarteko 25 dantzari eta Ortzadar folklore eskolako haur dantzariak. Haiekin batera fanfarreko 10 kide izanen dira. Baita Buztintxuriko erraldoien konpartsa eta Altsasuko momotxorroak ere.
Guztia behar bezala garatzeko ikuskizunak bi erregidore ditu. Eta halakoetan ohikoak diren argi eta soinu teknikariak ere. Guzti guztiek musutruk lan eginen dute.
Erronka
Bai Anak bai Anderrek gaztigatu zuten Gaiarre antzokia betetzea izanen dela erronka. Aretoak, plateak eta palkoek 680 pertsonarendako lekua dute. Sarrera guztiak salduz gero anfiteatroa ere zabalduko lukete eta horrela 800 pertsonarendako tokia izanen litzateke. Sarrerak tokiaren arabera 10 eta 14 euro artean izanen dira salgai, antzokiko txarteldegian eta bere web gunean. Ikuskizunera joan ezin direnendako ikuslearen zero lerroa ere prestatu dute, hau da, emanaldira joan gabe diru ekarpena egiteko aukera.
Ortzadarreko kideek emanaldi bakarra dute aurreikusia. Baina Gaiarre betez gero ez lukete besteren bat eskaintzea baztertuko. Hala ere, antzokira joaten diren guztiak Josefina Arregi klinikari buruz esku-orri banarekin aterako dira.