Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak estreinakoz atzo jaso zuen 5. edukiontzian, marroian, zegoen materia organikoa. "Pozik gaude, etxebizitza kopuru egokia da bilketari hasiera emateko" esan digu Xabier Lopezek, zerbitzuko teknikariak.
Izan ere, atzora arte Altsasuko 3.778 etxebizitzetatik 479ek, % 12,67k, emana zuten izena bosgarren edukiontziaren bidez materia organikoa jasotzeko. Aurretik beste 188 etxebizitzatan konposta egiten dute. Gainera, Otadiko eta Idertzegaingo auzo-konpostagailuak 55 etxek erabiltzen dituzte (azken horretan izena eman daiteke). Horiekin materia organikoa bereizten duten etxe altsasuarren kopurua 722ra igo da, hau da, % 19,11.
Helburua
Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak sinatutako hitzarmenaren arabera urte akaberarako Altsasun sortzen diren hondakinen % 65 gaika bildu nahi dituzte. Marka hori lortzeko ezinbestekoa da materia organikoa berezirik jasotzea, etxebizitzetan sortzen diren hondakinen % 40 pasa delako.
Bi administrazioek jarritako erronka betetzeko Altsasuko 2.260 etxebizitzetatik %60 gutxienez bereizi beharko luke.
Ostegunak eta telefonoa
Gaikako bilketara batu nahi dutenek 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete. Bestela, Hondakinen Zerbitzuko hezitzaileak Baratzeko bide plazako lokomotoran izanen dira ilbeltzeko ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Informazioarekin batera 5. edukiontzia erabiltzeko kit-a jaso daiteke han.